Amurrioko Udaltzaingoak berretsi dio Aiaraldea Komunikabideari gaur, istripuz, gas naturalaren horniketa eten dela Maskuribai eta Saratxoko industria poligonoetan.
Antza, ur sare berria eraikitzeko obretan apurtu dute gas naturalaren banaketarako tutua. Nortegas konpainiak azaldu dio poliziari oraindik ez dakitela zenbat iraungo duen matxurak. Izan ere, argitu behar dute odia soldatzearekin nahikoa den edo azpiegituraren zati bat aldatu beharko duten.
Nortegas enpresak ziurtatu dio Amurrioko Udaltzaingoari gas zerbitzua ez dela etengo herrigunean.
Halaber, gas enpresak azpimarratu du, printzipioz, zerbitzuaren etenaldiak ez duela eraginik izango herrigunean. Horretarako baliatzen ari dira Aiaran berriki instalatutako gas biltegia.
Modu horretan, Nortegasek aurre egin die sare sozialetan zabaldu diren mezuei, zeintzuek ziurtatzen zuten Amurrio eta Laudio gas zerbitzurik gabe geratuko zirela 12 orduz, matxuraren ondorioz.