Amurrio Club, aro berri bat hasteko prest

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ira. 9a, 09:41
Aurredenboraldiko partiduetan murgilduta daude uneotan jokalariak. / Amurrio Club

Zuzendaritza eta plangintza berriarekin helduko dio Amurrio Clubek denboraldi berriari, azken hilabeteetako gorabeheren ostean.

Indartuta helduko dio Amurrio Clubek denboraldi berriari. Amurrioko futbol klubak hainbat gorabehera bizi izan zituen aurreko denboraldiaren amaieran. Uztailaren 15ean egin zuten bazkideen batzarra, eta bertan aurkeztu zuen bere dimisioa Miguel Angel Jauregi Unanuek, orain arte klubaren presidentea izandakoak. Orduan abiatu zuten zuzendaritza berria hautatzeko prozesua. 

Gauzak hala, sukalde lanetan murgilduta egon dira klubeko kideak udan zehar, eta irailaren 2an jakinarazi zuten nork zuzenduko duen kirol elkartea hemendik aurrera. Laurentz Ibarrola Bedmar izango da presidentea, eta beste 12 pertsona izango ditu bidelagun.

"Aro berri bat"

Pertsona horietako bat da Iñigo Fraile. Berak azaldu dizkio Aiaraldea Komunikabideari Amurrio Cluben egondako aldaketak. Izan ere, kluba zenbait gatazketan murgilduta egon zen urtearen lehen zatian. Jokalari batzuek soldatak ez ordaintzea leporatu zioten zuzendaritza zaharrari, besteak beste. Baina Frailek ziurtatu du arazo horiek konponduta daudela dagoeneko, eta aro berri baten hasiera iragarri du. 

Ildo horretan, argi zehaztu ditu zeintzuk izango diren klubaren aurtengo helburuak: “egonkortzea, ekonomikoki zein kirolaren aldetik”. Aurrendeboraldiko partidetan murgilduta daude jokalariak uneotan, eta iraileko azken asteburuan ekingo diote lehiatzeari. Aurrera begira, Frailek aurreratu du ‘Amurrio B’ bat sortzea ere dutela buruan, baina ez du ezer aurreratu nahi izan, “urratsez urrats” joango direla argudiatuta. 

Amurrioko beste futbol klubekin zubiak eraikitzea ere dute helburu. Harremanak sendotu nahi dituzte Etorkizuna eta Kaskagorri taldeekin, etorkizunean “lerro bakarra” eratu ahal izateko, 6 urtetatik lehen taldera joango dena. Modu horretan, honakoa lortu nahi dute: “6 urterekin futbolean hasten den haur batek ortzimugan lehen taldea izatea”. 

Horrez gain, zaleengan ere jarri nahi dute begirada. “Jendea partiduak ikustera animatzea nahi dugu, eta apurka-apurka zalego bat eratu ahal izatea”. Horretarako lehen urratsa eman dute dagoeneko: bazkidetza kanpaina abiatzea. Amurrioclub.eus webgunean topatu daiteke horri buruzko informazio guztia. 

Ateak irekita

Bukatzeko, Frailek nabarmendu du klubaren zuzendaritzaren ateak irekita daudela interesa duten herritar guztientzat. “Klubaren etorkizunaren alde apustu egin nahi genuen zenbait pertsona batu gara zuzendaritzan, horretarako beharra ikus genuelako, baina ateak irekita daude ekarpena egin nahi duen ororentzat”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide