Amurrioko Aisia Eskaut Taldeak 45 urte beteko ditu aurten. Urtemuga ospatzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute urriaren 1erako, elkartetik igaro diren kide guztien topaleku izateko asmoz. Amurrioko parkean egingo dituzte ekintza guztiak.
Eguna 11:00etan abiatuko dute, eskaut taldeko kideen arteko jolasekin. 12:00etan paella lehiaketari emango diote hasiera. Bertan, eskaut taldeko kide izandako helduek hartuko dute parte. Bazkaria 14:30ean egingo dute. Paella lehiaketan edota bazkarian izena-emateko epea irailaren 25era arte egongo da zabalik. Interesa dutenek eskaut taldeko begiraleekin jarri beharko dira harremanetan.
Bazkalostean, 16:00etan, Adar pasa ekitaldia egingo dute. Bertan, eskaut gazteak mailaz igoko dira. Jarraian, poteo musikatuak herriko kaleak girotuko ditu eta, eguna agurtzeko, erromeria egingo dute Amurrioko parkean bertan, 21:00etatik aurrera.
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, euria egitekotan Matias Landaburura mugituko dituzte ekintza guztiak.