Zaraobe Saskibaloi taldeko haurrek bigarren postua lortu zuten Easo Cup txapelketan

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 16a, 07:00

Bigarren postuarekin itzuli ziren Amurriora. / Zaraobe ST

Klubaren zortzi taldek parte hartu zuten hitzorduan eta haur taldeko mutilek lortu zuten emaitzarik onena.

Zaraobe Saskibaloi Taldeko hainbat gaztek parte hartu zuten pasa den asteburuan Easo Cup txapelketan: haur kategoriako mutilek, junior kategoriako mutilek eta neskek, nesken kadete kategoriako A eta B taldeek, mutilen kadete taldeak, junior kategoriako mutilen talde batek eta nesken bik -A eta B-.

Emaitza onena haur kategoriako mutilentzat izan zen, bigarren sailkatu baitziren. Txapelketak ligaxka eredua jarraitu du eta amurrioarrek talde sendoena izan zuten aurrean lehen partidan. Gauzak horrela, 57-56 galdu zuten Atletico San Sebastian klubaren kontra. Hori bai, erraz irabazi zuten Logroñoko Maristen eta Easoren aurka. Donostiarrak 20 puntuko abantailarekin hartu zituzten menpe eta errioxarrak 50 puntuko aldearekin.

Edonola ere, Ruben Garcia entrenatzaileak azpimarratu du txapelketaren alde garrantzitsua ez dagoela zehazki kantxan: "Horrelako lehiaketetan klub eta talde izaera lantzen dugu. Kanpoan egon gara hiru egun eta bi gau eta hondartzan ere aritu gara. Klubaren zentzu kolektiboa jorratzen da gehiago".

Bide beretik, Garciak goraipatu du Zaraobe Saskibaloi Taldea izugarri ari dela hazten bere presidenteari -Jon Pinedo-, entrenatzaileei eta boluntarioei esker. "Eurak dira klubaren arrakastaren zutabea. Horren adibidea da emakumezkoen senior taldea, zeinak nazional mailan parte hartuko duen", argitu du.

Halaber, Garciak gonbidapena zabaldu die kirolari gazteei, izena eman dezaten saskibaloi klubean: "Aukera interesgarria da, bereziki, neskentzat, mutilek hainbat kirol baitituzte egiteko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide