Megatech enpresako greba bertan behera geratu da lau ordu iraun eta gero. Izan ere, ez dute hiru eguneko lanuztea egingo, UGT eta LAB erakundeek aurreakordioa sinatu baitute konpainiako zuzendaritzarekin. ELAk ez du gauza bera egin, bere ustez ez baita nahikoa izan lortutakoa.
Gauerdian proposamena sindikatuentzat
Atzo 11:00etatik 20:00ak arte negoziatu ostean, gatazkako bi aldeek ez zuten adostasunik lortu, nahiz eta aurrerapausoak egin ziren. Dena den, langile batzordeak eutsi zion hiru eguneko lanuztearen deialdiari.
Gauzak horrela, Megatecheko arduradunek 00:30ean proposamen berria bidali zioten langileen ordezkariei. Horrela, gaur 05:00etan berriro ekin diote negoziatzeari, zenbait korapilo askatu baitzituzten sindikatuek, proposamen berria oinarri hartuta.
Lantegia geldirik eta Austrian oniritzia
Goizeko 05:30ean ez da inor sartu lanera Megatecheko lantegian eta negoziaketak aurrera egin du. Azkenean, UGTk eta LABek babestu dute aurreakordioa eta Austriako zuzendaritzak ituna babestu du. Argi berdea eman bezain pronto, sindikatuek bertan behera utzi dute lanuztea eta beharginak 10:30ean itzuli dira lanera.
KPI bermatua eta enplegu bermearen klausula
Langile batzordeko kide batek adierazi du lan hitzarmen berriarekin beharginen erosketa ahalmena bermatu dela %95ean. Hau da, soldatek eta plus garrantzitsuenek KPI-ko eguneraketa izango dute 2023, 2024 eta 2025ean.
Hain zuzen, 2024an KPIaren berrikuspena egingo da eta ezberdintasuna ordainduko zaie langileei. 2025ean, aldiz, KPI + 0.5 jasoko dute.
UGTk eta LABek enplegua bermatzeko klausula ere sinatu dute. Halaber, lanaldia 8 ordutan luzatuko da 2023an eta 2024an eta orain dagoen moduan geratuko da 2025ean.
ELA ez da egon ados aurreakordioarekin, bere ustez gorakada ez baita nahikoa soldaten aldetik.
Langileen bozketa
Dena den, gatazka guztiz indargabetzeko urrats garrantzitsuena falta da oraindik. Izan ere, langileek urriaren hasieran (guztiak oporretatik itzultzen direnean) bozkatuko dute aurreakordioa babesten duten.