ARGAZKIAK

Minbiziaren aurka milaka urrats emango dituzte igandean Amurrion

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 22a, 12:00

Gaur aurkeztu dute Amurrioko udaletxean Minbiziaren Aurkako Martxaren III. edizioa. Igandean egingo dute ekimena, eta ikerketarako dirua biltzea izango du helburu.

Bi urteko etenaren ostean, igandean -irailak 25- ospatuko dute 'Minbiziaren Aurkako Martxaren III. edizioa' Amurrion. Aurreraka eta Minbiziaren Aurka Araban elkarteek  antolatu dute elkarlanean egitasmoa beste behin, eta gaur goizean egindako agerraldian eman dituzte horren gaineko argibideak.

Txerra Molinuevo alkateak ibilaldian parte hartzera gonbidatu ditu amurrioarrak. “COVID-19ak eragindako pandemia dela ete, bi urtez ez dugu martxa hau egin; eta inoiz baino gehiago animatu nahi ditugu herritarrak parte hartzera eta marea berde handia sortzera, ikerketari laguntzeko” nabarmendu du Molinuevok.

2030 urterako %57tik %70era handitu nahi dute minbizia dutenen biziraupena

Ikerketa helburu

Minbiziaren Aurka Araban elkarteko lehendakari berriak, Miren Bilbaok, azpimarratu du martxan bildutako diru guztia minbiziaren kontrako ikerketara bideratua izango dela. Izan ere, azaldu duenez, ikerketa da urtean 100.000 herritarrei baino gehiagori diagnostikatzen zaion eritasun honi aurre egiteko modu bakarra. “Funtsezkoa da biziraupen baxueneko minbizien ikerketari laguntza handiagoa ematea; pankreakoari, birikietakoari, hestegorrikoari, eta gibelekoari, hain zuzen  ere” erantsi du Bilbaok.

Elkarteak  helburua ezarri du 2030. urteari begira: biziraupena %57etik %70era handitzea. Halaber, bizi-ohitura osasungarrien garrantzia ere azpimarratu du Bilbaok, prebentzio neurri gisa. Zentzu horretan, minbizien %44 bizi-ohitura osasungarriekin ekidin daitekeela gogorarazi du.

Euria egin arren, denak martxara

Iganderako eguraldi iragarpenak onak ez diren arren, martxan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute Aurreraka emakume taldeko kideek. Ibilaldiak 7 kilometroko luzera izango du, eta San Anton Plazatik abiatuko da 10:30ean.

Izen ematea bihar itxiko dute, baina egunean bertan ere egin ahalko da. Bihar San Anton plazan jarriko dute aurrez aurreko inskripzio puntua, eta Internet bidez egiteko aukera ere egongo da bihar iluntzera arte, amaurreraka@gmail.com helbide elektronikoan. Izen ematearen prezioa 10 eurokoa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide