Jose Antonio Fernandez Bravo irakaskuntzan adituarekin beteko dute Amurrio Antzokia ikastetxe publikoek

Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 07:20

Jose Antonuo Fernandez Bravo irakaslea. / Webconsultas

Urriaren 8an trebakuntza hitzaldia eskainiko du irakasle madrildarrak eta jadanik Amurrio Antzokiko edukiera erdia bete dute antolatzaileek.

Aiaraldeko hainbat ikastetxe publiko (Zabaleko, Mendiko Eskola, Zaraobe Institutua, Latiorro, Lamuza, Laudio Institutua, EPA Laudio, Okondo Eskola, Fabian Legorburu, Etxaurren Ikastola eta Arteko Gure Ama) antolatzen ari dira Jose Antonio Fernandez Bravoren trebakuntza saioa Amurrio Antzokian. Urriaren 8an izango da hitzordua, 10:00etatik 13:00ak bitartean, hain zuzen.

Antolakuntzan lanean ari den Arteko Gure Amako ikastetxeko irakasle eta berrikuntza arduradun Roberto Ruesgas Arnaizek azaldu du hizlaria Madrilen bizi den pedagogo eta prestatzailea dela: "Bere bizitza irakaskuntzari eskaintzen dio, eta 14 urtez Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea izan bada ere, azken urteotan unibertsitateko irakasle bezala dihardu. Matematikaren didaktikan aditua da, hezkuntza eta matematikaren ikaskuntzari buruzko 100 lan baino gehiago idatzi dituelarik. Hezkuntza berrikuntzaren inguruan ikertu eta idazten du".

Artziniegako hezkuntza zentroko zuzendariaren aburuz, Fernandez Bravoren sistema laburbiltzen duen filosofia da "irakastea ikasten duen burmuinetik".   

Fernandez Bravoren metodoaren ideia orokorra

Roberto Ruesgasek argitu du hiru orduko trebakuntza izan arren, lehen hezkuntzako didaktikako -bereziki matematiketan- adituaren hitzaldia hastapen saioa izango dela. Zentzu horretan, bere ustez, interesa sentitzen dutenek Fernandez Bravoren lanak irakurtzeko parada izango dute. 

Are gehiago, irakasleak aholkua eskaini die hitzaldira bertaratu direnentzat: "Abiapuntu bezala, liburu eta bideo bana gomendatu nahiko nituzke. Alde batetik La sonrisa del conocimiento, bere metodoa oso ondo azaltzen duen liburua da. Oso irakurketa gomendagarria. Bestalde, Cuaderno de viaje de un maestro bideoa, 'BBVA Aprendemos juntos'-ek grabatu zion bideo bat da. Bertan entzule batzuen galderak erantzuten ditu. Oso gomendagarria baita ere. Dagoeneko, bi milioi bistaratze baino gehiago ditu".

Hitzaldiaren ideia

Solasaldia antolatzeko asmoa Roberto Ruesgasek berak sustatu du: "Madrilen, Experto en la Didáctica de las Matemáticas en Educación Primaria graduondoa egiteko aukera izan nuen berarekin. Bederatzi asteburu pasa nituen Madrilen ikastaro hau egiten, baina lehenengo asteburuan, bera ezagutu eta jarraian egin zigun sarrera entzun eta gero, argi izan nuen nire eskolako klaustrokideek entzun beharreko mezua entzuten ari nintzela. Guztiz liluratuta bueltatu nintzen eskolara, eta aukera hau Aiaraldeko Eskola Publikoetako beste zuzendariekin konpartitu nuen".

Eskualdeko ikastetxe publiko arabarrek hilean behin egiten dute Zuzendari Mintegia eta esparru horretan proposatu zuen hitzaldia eta harrera ona izan zuen egitasmoak irakasleen prestakuntzarako eta hobekuntzarako. "Lan handia egiten da Aiaraldeko Eskola Publikoetan irakaskuntza-ikaskuntza prozesua etengabe hobetzeko", ziurtatu du Roberto Ruesgasek.

Ekintza antolatzeko erakunde publikoen babesa izan dute hezkuntza zentroek. Hain zuzen, Aiarako Kuadrillak diruz lagundu du eta Amurrioko Udalak Antzokia lagatu die.

Izena emateko aukera gutxi

Gauzak horrela, trebakuntza saioan parte hartzea zaila izango da ikastetxe publikoetan lan egiten ez duten irakasleentzat, jadanik edukiera erdia bete baitute, astebete baino gehiago falta bada ere: "Oraindik Aiaraldeko eskola batzuen izen ematearekin jarraitzen dugu eta, hau dela eta, ezin diogu jendeari izena emateko aukerarik eskaini. Seguru nago gurasoentzat edota hezkuntza munduan interesa duen edozeinentzat oso interesgarria izango litzatekela, baina tokia egongo denik ezin dugu bermatu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide