Amurrioko Udalak hornidura merkatu zaharra zaharberritzeko eta zentro soziokultural bihurtzeko proiektua onartu du

Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 12:00
Proiektuaren irudietako bat. / Amurrioko Udala

Onartutako proiektuak eraikina erabilera berrietara egokitzeko egingo diren jarduketak biltzen ditu. Udal Ekipamenduen Planean jasotzen den bezala, ume eta helduentzako liburutegia, ikasketa-gelak, mediateka eta KZgunea hartuko ditu.

Amurrioko Udalak osoko bilkuran onartu zuen ostegunean Foru kaleko hornidura merkatu zaharraren eraikina zaharberritu ahal izateko proiektua, zentro soziokultural bihurtzeko. Proiektua onartu ondoren, laster irekiko da obraren lizitaziorako prozesua.

Onartutako proiektuak eraikina erabilera berrietara egokitzeko egingo diren jarduketak jasotzen ditu. Horretarako, ia guztiz aprobetxatuko den egitura sendotzeaz gain, barrualdea berregokitzea aurreikusten da, hainbat erabilera egokitzeko aukera emango duen espazio zabalarekin, bai eta beheko solairua eta erdisotoa komunikatuko dituen igogailu batekin ere, irisgarritasuna bermatzeko. Inguratzailea, fatxada eta estalkia ere berriztatuko dira.

Proiektua onartu ondoren, obren lizitazioarekin hasteko prozesua hasiko da. 1.200.401 euroko inbertsioa egingo da, eta urtebeteko epea egongo da lanak egiteko.

Zentro soziokulturala

Berriki aurkeztu den Udal Ekipamenduen Plana gida erabilgarria eta beharrezkoa izan da udal-azpiegiturak eta horietan ematen diren zerbitzuak pixkanaka berrantolatzeko. Alde batetik, planak kultur ekipamenduen sarea sortzea jasotzen du, eta merkatu zaharra zaharberritzea eta egokitzea da herriko hirigunean kultur sare hori sortzeko lehen urratsetako bat. Horretarako, eraikin berriak umeentzako eta helduentzako liburutegi berria, ikasketa-gelak, mediateka eta KZgunea hartzea aurreikusi da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide