Izan Amurriok, herriko merkataritzari bultzada emateko elkarteak, desfilea egingo du larunbatean. Beste edizio batzuk Antzokian egin badituzte ere, aurtengo ekintza Villa Fe eraikineko lorategietan izango da, hau da, nagusien egoitzaren alboan.
Elkarteak adierazi du zerbait ezberdina egin nahi zutela eta dendariak ados egon direla egindako proposamenarekin.
40 herritarren parte hartzea
Tokiko hainbat negoziok ez ezik -Adi Grafik, Azules viste tu vida, Basualdo Kirolak, Gancedo omplementos, Hit Denda, If Hair Beauty & Nails, Kapritx eta Karisma-, 40 amurrioar ere arituko dira desfilean. Adin ugariko herritarrak izango dira eta arropa zein osagarriak erakutsiko dituzte.
Ordubete inguru iraungo du ekintzak eta zuzeneko musika eskainiko du Sabin Guaresti bakarlariak. Horrez gain, Artomaña Txakolinak laguntzaile lanak egingo ditu.
Eguraldi txarra eginez gero, desfilea atzeratuko dela adierazi dute antolatzaileek. Hori bai, printzipioz, iragarpena ez da ezkorra.