"Galletak saltzen 128.000 euro lortu ditugu Minbiziaren Kontrako Elkartearentzat"

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 11a, 07:20
Pilar Lastra sortutako gailletekin./ Aiaraldea

PILAR LASTRA (Amurrio, 1965) galletak salduko ditu urriaren 19ra arte dirua lortzeko eta ekarpen ekonomikoa egiteko Minbiziaren Kontrako Elkarteari. Amurrioko hainbat tokitan eros daitezke.

Elkartasun ekimen batean parte hartzen ari zara. Azalduko duzu?

Duela zortzi urte Galiziatik Carmen Solanok deitu gintuen -penintsula zein irletako galleta-egile talde batetako kideoi- Minbiziaren Kontrako Elkarteari ekarpen ekonomikoa egiteko. Gure soldatetatik ezin dugu atera horretarako beharrezkoa den dirua, hortaz, gure ekarpena da galletak saltzea. Lortutako diru guztia Minbiziaren Kontrako Elkartera doa.

Guk espero dugu hori ikerkuntzara bideratzea, hori baita gure nahia, baina elkarte handia da eta ez dakigu zertan erabiltzen den. Ez digute azalpenik ematen ezta eskerrak ere, azukrea dutelako galletek.

Aurtengoa da zortzigarren urtea, eta 128.000 euro batu ditugu jadanik
Urtero galleta ezberdinak egiten ditugu eta gaia  lazo arrosa da, bularreko minbiziaren kontrako ikurra. Funtsean, galletak egiteko ero batzuen gogoan  egitasmoa oinarritzen da.

Bakoitzak bere etxean?

Bai, bakoitzak bere galleta -neurria, eredua...- eta salmenta eremua dauka. Horrez gain, bakoitzak erabakitzen du prezioa, probintzien arabera. Leku batzuetan euro bat balio dute, eta besteetan bi euro eta erdi. Urtero zerbait berria ematen saiatzen gara, jendeak eros ditzan.

"Lehen urtean gutxik parte hartu genuen ekimenean, baina aurten 21 gara"

Emakumeak zarete guztiak? 

Kasu honetan bai, behin gizonezko batek parte hartu zuen, baina gaixorik dago, minbizia dauka.

Nola ezagutu zineten?

Galleta-egileen Facebook talde batean parte hartzen genuen. Han aipatu zen ideia. Lehen urtean gutxi ginen, baina urterik urte gero eta jende gehiago joan da animatzen, eta aurten 21 gara.

Nola hasi zinen galleten munduan?

Amurrion bizi zen neska argentinar batekin egin nuen ikastaroa eta oso gogoko izan nuen. Trebatu egin naiz ahal beste, eta lehiaketetan parte hartu dut. Nire emaitza onena lehiaketetan Bartzelonan izan zen, urrezko domina eskuratu bainuen. Ezin nintzen joan Bartzelonaraino, eta nire lagun batek aurkeztu zuen nire izenean.  

Poztasuna izan zen, baina ez da sekulako aitorpena, ez da liburu bat idaztea edo lasterketa irabaztea bezalakoa, ez zara hedabideetan agertzen.

Zer lantzen duzu zuk bereziki?

Nik gehien gogoko dudana glasa da . Ni zentratu naiz gurutze-puntuan eta glasan. Bartzelonako kasuan ez zen izan gurutze-puntua, arautik atera nintzen, eta glasarekin -arrautza eta azukrea- egin nuen emakume baten eskultura. Nahiko handia zen.

Aurten egin duzu galletari dagokionez, zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Marko bat da, argazkiekin erabiltzen den antzekoa, eta 'Hope' (itxaropena) hitza dauka. Batzuek  glasa daukate eta besteek ez, eta burruntzi batzuk margotu dizkiet.

Denbora asko behar duzu galleta hau egiteko?

Nahikotxo, bai. Prozesu luzea da. Orea egin behar da, hoztu egun batez, luzatu, labean sartu, moztu eta berriro hoztu, bestela desegingo liratezke, gurinezkoak baitira. Hurrengo egunean apaintzen dira, hoztu ondoren, hortaz, denbora nahikoa.

"Prozesu luzea da. Orea egin behar da, hoztu egun batez, luzatu, labean sartu, moztu eta berriro hoztu, bestela desegingo liratezke, gurinezkoak baitira. Hurrengo egunean apaintzen dira, hoztu ondoren, hortaz, denbora nahiko behar da"

Urtero erabiltzen dut glasa, baina askorentzat azukre gehiegi da eta horregatik batzuk glasa barik ere egiten ditut. Hala ere, esan behar dut galleta guztiek dutela azukrea.

Nola eros daitezke?

Zenbait negoziotan saltzen dira: Katibel, Entre 3, Entre punto y puntada, Eguiluz moda y color, Castro instalaciones, Espiral ileapaindegia, Telmer, Abascal moda, S&E estilistas, Garoa liburudenda, Izmara ileapaindegia, Autsiki Albaitaritza Zentroa, If estilistas, A+A ilepaindegia, Ushuaia ileapaindegia, Karisma, Robledos, Foto Arregi, Nails Beauty, Raga Ibarrondo, San Jose Estankoa, Lurdes Ugarte ileapaindegia eta Nuevo Stylo ileapandia.
Webgune honetan eta Instagramen eta Facebooken ere topatu litezke, Galletas contra el cáncer de mama kontuan.

Ikastaro batekin hasi zinen galletaren munduan, zergatik jarraitu zenuen?

Oso gozozalea naiz eta oso sortzailea da hau: pentsatzen duzu nola egin, zer sartu, koloreak -nahiz eta koloranteak erabiltzea ez izan gogoko, zaporea aldatzen baitute-... Baina koadro bat egitea bezalakoa da.

Eta egitasmo honetan jarraituko duzu?

Bai, oso betegarria da egiten duguna. Nik ezin dut nire soldatarekin eskuratu gailetak saltzen lortzen dudan dirua. Esaterako, iaz 800 gaileta saldu nituen bi euro eta erdiko prezioarekin. Nik hori ezin dut nire patrikatik atera, baina argindarra, irina, lana, denbora... Hori bai, hori jar dezaket dirua lortzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide