Gaur aurkeztu dute Amurrioko Udaletxeko osoko bilkura aretoan Locus proiektua. Artearen inguruko topaketa- eta lankidetza-proposamena da. Aurkezpenean Txerra Molinuevo alkatea, Irene Basilio aholkularia eta proiektua gidatuko duten hiru artista amurrioarrak elkartu dira: Nerea Canive, Salvador Castañeda eta Guillermo Trujillano. Susana Corbella da proiektuaren komisarioa, baina ezin izan da aurkezpenera bertaratu.
Proiektu honekin kulturarentzako publikoak sortu nahi dituzte esperimentazioaren bidez, ohiko tresna izaten dugun behaketaren ordez, Irene Basiliok argitu duen bezala. Duela bi urte Udalak egindako diagnositik dator egitasmoa. Azterketaren emaitza gisa 10 urteko Kultur Plan Estrategikoa ondu zuten, eta aurreikusitako ekintzetako bat tokiko artistekin bertoko kultura zabaltzea zen.
Horren barruan dago gaur aurkeztutako dinamika. Susana Corbella komisarioaren asmoa jolas moduan jardutea da, hortik Iocus izena. “Artearekin, kulturarekin eta sorkuntzarekin jolastuko dugu”, ekarri ditu Basiliok bere hitzak. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan du, bai eta Artium Museoaren eta Teklakena ere.
Artera gerturatzeko hiru bide
Irene Basilioren hitzetan, “proiektuaren baloreetako bat bertoko artistek garatzen dutela da”. Nerea Canivek, Salvador Castañedak eta Guillermo Trujillanok prozedura bana diseinatuko dute nahi duten gaia jorratzeko. Bide-orria parte hartzailea izango da eta nahi duen orok (Amurrion bizi zein ez) parte hartu ahalko du artistek gidatuko dituzten saioetan.
Diziplina artistiko desberdinetatik ekingo dio artista bakoitzak aurkeztutako erronkari. Nerea Canivek, esaterako, ekintza performatibo bat egin nahi du Amurrioko biztanle nagusienekin. Bere asmoa Amurrioko kulturaren inguruan hausnartzea da, eta horretarako esperientzia luzeko jendearen parte hartzea nahi du.
Salvador Castañedak, bere aldetik, autorretratuekin egingo du lan. Sorkuntza bide desberdinen bidez, parte hartzaileek haien arbasoengana gerturatzeko barne-bidaia bat egingo dute, sustraietara. Azkenik, Guillermo Trujillanok Amurrioko elkarteen lana ikusaraztea izango du xede, herriko biztanleen arreta bereganatzeko kalean instalatuko duen telefono mugikor erraldoi batekin.
Artista bakoitzak bere proiektua herritarren aurrean aurkeztuko du datozen egunetan informazio zehatzagoa eman eta zalantzak argitu aldera. Nerea Caniveren ‘Lekuz kanpo. Laborategi kulturala’ egitasmoaren aurkezpena ostiral honetan izango da, urriak 21, 12:00etan Amurrioko Kultur Etxeko areto nagusian. Guillermo Trujillanok igandean aurkeztuko du ‘A phone’, 18:30ean Villa Fe Eraikineko bigarren solairua (sarbidea igogailutik). Salvador Castañedak gidatuko duen ‘Autorretratua’ dinamikaren aurkezpena urriaren 29an izango da Amurrioko plazan, 12:00etan.
Interesdunek abendura bitarte eman dezakete izena eta topaketak 2023ko lehen lauhilekoan izango dira. Hiru proiektuak bukatutakoan, gainera, esperientzia komunean jartzeko jardunaldi bat antolatzeko asmoa dute.