Bueltan da Amurrioko Euskaraz bizi nahi dut eguna. Koronabirusak eragindako pandemia medio, maiatzetik urrira mugitu zuten jarduera, eta udazkenean finkatu du Udalak euskal hizkuntzaren sustapenerako festa eguna.
Goizean kirol jarduerak eta umeentzako tailerrak izango dira nagusi. 10:30etik 13:00ak arte, esaterako, Krosfit saioa eskainiko du kalean euskaraz Gorobel Crossfitek. "Izen ematea Kultura etxean edo egunean bertan egin beharko da, 10:00etatik 10:30era", erantsi dute antolatzaileek. Izaskun Bengoa amurrioarrak, bere aldetik, ipar martxa bi saio gidatuko ditu. Lehenbizikoa 10:00etan izango da, hastapen mailan daudenentzat. Bigarren txanda, berriz, 11:00etatik 13:00ak arte luzatuko da. Bien bitartean, Juan Urrutia plazan Kalakaren egurrezko jolasak eta Bubble puxika erraldoien barruan ibiltzeko aukera egongo da. Era berean, 11:00etan Euskaraldiko photocalla abiatuko dute.
12:00etan, berriz, Amurrioko txistuzaleak aterako dira kalera, euren emanaldia plazaratzeko asmoz. Ondoren, Karrakan taldearen kantujirak hartuko du lekukoa, 13:30etik 15:00etara kaleak girotzeko. Izan ere, herri bazkaria antolatu dute gero, 15:00etan: "Tiketek 12€ balio dute eta Kultura Etxean erosi beharko dira urriaren 20aren aurretik". Menua ere zehaztu dute: marmitakoa, barazki lasagna eta pantxineta.
Arratsaldean musikak hartuko du protagonismoa. Gurasoleku eta Berbalagun ekimenek kontzertu parte hartzailea prestatu dute 16:30etik 18:30era, eta Malen Atxa abeslari laudioarra igoko da oholtzara 18:30ean jai eguna kontzertu batekin borobiltzeko.