Baranbiok 25. Euskal Jaia ospatuko du larunbatean

Jone Gartzia Gerra 2022ko urr. 19a, 11:30

Baranbioko euskaldunek urtero ospatzen dute Euskal Jaia

Euskaldunen bazkaria, bertsolariak, dantza saioa eta erromeria egongo dira Garrastatxun.

Belaiki euskara elkarteak mende laurden darama Baranbioko Euskal Jaia antolatzen. Auzoko euskaldun zahar eta berrien arteko komunikazioak gaztelaniaz izaten zirela jabetuta, soilik euskaldunentzako izango zen jai bat antolatzea otu zitzaien duela 25 urte. Belen Ortueta antolakuntzako kideak azaldu du horrela lortu zutela belaunaldi arteko hizkuntza ohiturak aldatzea: “Urtean erdaren interferentziarik gabe bizitzeko egun bat antolatzeari esker gure arteko komunikazioak euskaraz izatea lortu dugu”. Izan ere, Ortuetak aipatu duen bezala, “ez dago euskara hutsezko ia espaziorik, erdaren interferentziak, ordea, une oro ditugu”.

Euskal Jaiaz gain, Belaikik urte osoan zehar antolatzen ditu ekintzak Baranbioko eta Euskal Herriko kultura euskararen bidez berpizteko. Esaterako, Baranbion antzina Agate Deuna egunean abesten zuten kanta berreskuratu eta auzoko baserrietatik abesten dute urtero. Olentzero eguna ere antolatzen dute eta urtero-urtero hartzen dute parte Korrikan. “Pello Añorga aipatzea gustatuko litzaidake. 25 urte hauetan guztietan gurekin etorri da Olentzero egunean Amurrioko umeentzako ipuin kontalari”, eskerrak eman nahi izan dizkio Belen Ortuetak. Bestalde, euskal dantza eta txalaparta ikastaro ugari egin dituzte, betiere euskaraz.

Era berean, Ortuetak eskerrak eman nahi izan dizkio herritarrei urte hauetan guztietan izan duten lanerako prestutasunagatik, bai eta Euskal Jaiaren hastapenetako urteetan bertsotan aritzen ziren Serapio Lopezi eta Juanjo Respaldizari, askotan musu-truk joaten baitziren. “Haiei guztiei esker Euskal Jaia 25 urtetan egin dugu, etenik gabe”.

Egungo erronka belaunaldi aldaketan dute finkatuta. Gazteak erakartzea kostatzen zaienez, aurten gazte talde bati eman nahi diote antolakuntzaren lekukoa. “Agian haiek beste era batean antolatuko dute, eta horrekin gazte gehiago erakarriko dituzte”, azaldu du Ortuetak.

Jai giroaz ospatzeko egitaraua

Urtero legez, euskaldun bazkaria egingo dute 14:30ean Garrastatxun. Bertara Baranbioko euskaldunak baino ezin dira joan, eta aurrez izena ematea eskatzen dute. Horren osteko bertso saiora, ostera, nahi duen euskaldun oro gerturatu daiteke, izenik eman behar gabe. Bazkalostea bukatutakoan musikaren tartea izango da. 18:30ean dantzarako tartea irekiko dute Patxi eta konpainia taldekoek eta 20:00etan erromeria hasiko Joselu Anayak-en eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide