'Haurren Pobrezia Zero' Aliantzarekin bat egin du Amurrioko Udalak

Erredakzioa 2022ko urr. 26a, 10:50

Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea eta Ernesto Gasco Haur Pobreziaren kontrako Borrokarako Goi Komisionatuak iragan urriaren 20an. / Amurrioko Udala

'Haurren Pobrezia Zero Herrialde Aliantzara" batzen den Arabako lehenengo udalerria bilakatu da Amurrio. Udalak haur eta nerabe guztiek aukera berdinak izan ditzaten egingo du lan, eragile desberdinen elkarlana bultzatuz.

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Ernesto Gasco Haur Pobreziaren kontrako Borrokarako Goi Komisionatuak iragan urriaren 20an sinatu zuten Amurrio 'Haurren Pobrezia Zero Herrialde Aliantzara" batzeko konpromisoa.

Horrenbestez, Amurrio da Aliantzara batzen den lehenengo udalerri arabarra. Sinatutakoari jarraiki, jaiotzaren baldintzak kontuan izan gabe "haur eta nerabe guztiek etorkizunerako aukera berberak izango dituzten ikuspegi komunaren alde" lan egiteko konpromisoa hartu du tokiko gobernuak.

Ekainean egindako Udal Osoko Bilkuran adostu zuten alderdi politikoek Gasco Goi Komisionatuak gidatutako aliantzara batzea. EAJk, PSE-EEk eta Orain Amurriok alde bozkatu zuten, EH Bildu, ordea, abstenitu egin zen.

"Aliantzarekin bat egite horrek jarduketako printzipio etiko jakin batzuk betetzea eskatzen du. Amurrioko Udalak konpromisoa hartzen du nazioartean onartuta dauden oinarrizko giza eskubideak bere eraginpeko esparruan babesteko" azaldu dute Amurrioko Udaletik.

PSE-EE baikor

PSE-EE udal taldeak oharra atera du Aliantzara batu izana goraipatzeko. Hain zuzen ere, oposizioko taldeak aurkeztutako mozio bat izan zen "Haurren Pobrezia Zero Herrialde Aliantzara" batzeko lehenengo urratsa.

Onartutako mozioak gobernu-taldeari eskatzen zion aurkez zezala azterlan bat udalerrian haurrek eta nerabeek bizi duten egoerari buruzi, baita zeharkako berme-programa bat diseinatzea ere, gizarteratzeari, osasunari, hezkuntzari eta haurren aurkako indarkeriari buruzko neurriak barne hartuko dituena.

"Sozialistentzat nahitaezkoa da berrikuntza bultzatzea haur-pobreziaren aurkako borrokan, eta baliabide berriak mobilizatzea, haur-pobreziaren arazoa ikusarazteko eta horren kausak, ondorioak eta konponbideak aztertzeko. Alde horretatik, zoriondu egin behar gara Amurrio izan delako 'Haurren Pobrezia Zero Herrialde Aliantzara" atxiki zaion Arabako lehen udalerria" nabarmendu du David Romero zinegotzi sozialistak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide