Orain Amurriok Ordenantza proposamen bat aurkeztu du Udalean alokairua ordaintzeko dirulaguntzak jasotzeko baldintzak arautzeko. 2022ko udal aurrekontuek, Orain Amurriok eta PSE-EEk proposatuta, 30.000 euroko partida jasotzen dute 18 eta 35 urte bitarteko gazteen 2021eko ohiko etxebizitzarako alokairua ordaintzen laguntzeko.
Ordenantza bihar bertan onartuko dute, urriaren 27an, hain zuzen. Dagoeneko idazkariak eman du haren aldeko txostena, indarrean dagoen ordenamendu juridikora egokitzen dela ziurtatuta. Udalbatzak onartu eta jendaurrean jartzeko epea igaro ondoren erreklamaziorik egon ezean, abendurako laguntzak eskatu ahal izatea espero dute.
Orain Amurriok ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, ordenantzak helburu bikoitza du: “Alde batetik, gazteei emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea, eta, bestetik, gazteen artean Amurrion alokairuko etxebizitza eskuratzea sustatzea”.
Aipatutako ordenantzak gazteentzako alokairuko laguntzak emateko oinarriak arautzen ditu: erroldatzea, 2021eko diru-sarrerak, jabetzako etxebizitzarik ez izatea, bateraezintasunak, etab. Laguntzak alokairuaren % 30, % 40 eta %50 artean beteko du, 2021eko urteko diru-sarrera gordinen arabera (30.000 euro gehienez).
Orian Amurriok laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten gazteak eskatzera animatu ditu, baina gogorarazi du neurri horrekin ez dela konponduko “Amurrion etxebizitza eskuratzeko dagoen arazo handia”.
Taldearen iritziz, “helburu sozialak dituen etxebizitza-politika bat egiteko, ezinbestekoa da alokairu sozialeko erregimeneko udal-etxebizitzen parke bat garatzea, Udalean onartu berri den HAPOaren garapenaren bidez”.
Neurri horrez gain “beste ekintza fiskal batzuk” hartu behar direla ere uste du taldeak. Zehazki, “hutsik dauden etxebizitzak grabatzea", hutsik dauden etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzak Amurrion dituen etxebizitzak kudeatzea eta dibulgazioa aipatu dituzte, "beste euskal administrazio publiko batzuek ematen dituzten baliabideei buruzko informazio-kanpaina”, hain zuzen.