Ostegunean akordioa sinatu zuten Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eta enpresako sindikatuen gehiengoak, hau da, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Agiriari esker, behin-behineko langileei kontratu finkoa egingo diete, euren antzinatasuna aintzat hartuta ordena ezartzeko.
Behin akordioa sinatuta, bost behargini eskaini diete kontratu finkoa. Lan hitzarmena sinatzen denean, ordea, beste hamazazpi izango dira, eta akordio hori indarrean egon bitartean, erretiroa hartuko duten 23 langileak antzinatasun handiena duten behin-behineko langileekin ordezkatuko dituzte. Guztira, 45 lagunek izango dute harreman finkoa enpresarekin.
Sindikatu sinatzaileek adierazi dute akordio honekin zuzendu nahi izan dutela indarrean dagoen lan hitzarmenaren akatsa: "2012an adostutako lan hitzarmenean jasotzen zen antzinatasuna ardatz hartuta bilakatuko zituztela finko behin-behineko langileak, betiere enpresaren aukeren barruan". Langileen ordezkariek argitu dute enpresak azken hitz horiek baliatu dituela langileen egoera ez egonkortzeko eta premiazkoa zela hori aldatzea.