Sarrera guztiak agortu dira azaroaren 5ean Amurrion egingo den Dantzetan Betiko jaialdirako

Allende Solaun Boada 2022ko aza. 2a, 10:00

Dantzetan Jarrai taldea aurtengo Laudioko Jaietan.

Agur ekitaldia antolatu du Dantzetan Jarrai musika kolektiboak. Azaroaren 5ean izango da, Amurrion, eta bertan Nafarroa Kanta Taldeak, Atxurrek zein Akerbeltz erromeriak ere joko dute. Egitaraua 17:30ean abiatuko da Txokogorrin, 20:30etik aurrera Burubion eskainiko duten musika emanaldian amaitu arte.

Zortzi urte inguruko ibilbidea handitasunez ospatuko du Dantzetan Jarrai taldeak, baita euren senide, lagun eta jarraitzaileek. Izan ere, bi egunetan saldu dituzte agur kontzerturako sarrera guztiak, 250 baino gehiago, alegia. Azaroaren 5ean, larunbatean, izango da ekitaldia, Amurrion.

Jaialdia 17:30ean hasiko da Txokogorri tabernan. Nafarroa Kanta Taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da bertatik abiatuko den kalejiran. Ostean, 19:30ak aldera, kalejira aterako da Burubiorako noranzkoan. Atxurre, Akerbeltz eta Dantzetan Jarrai taldeek osatuko dute gaueko kontzertuen eskaintza. Musikaz gain, afaltzeko aukera ere egongo da Burubion.

Agur esateko unea

Aimar Gutierrezek eta Beñat Bilbaok 2014an sortutako DJ taldea da Dantzetan Jarrai, Bilbaok 2010tik DJ lanak egin baditu ere. “Tertangako jaietan hasi nintzen, lagun batzuek faborea eskatu zidatelako. Gero Amurrioko Aitor Gartziorekin batu nintzen; gustu ezberdinak genituenez, musika eskaintza zabaldu genuen”, azaldu du. “Dantzetan Jarrai osatzeko Laudioko Gaztetxean edo Aiarako Gazte Txosnan elkartuko ginen Beñat eta biok, duela zortzi urte”, gehitu du Gutierrezek.

Taldekideek adierazi dutenez, belaunaldi-ordezkapena egiteko garaia heldu da Dantzetan Jarrai taldearentzat. “Ezagutzen dudan parranda musika pixka bat zaharkitua geratu da eta, nire ustez, politagoa izango litzateke jende gazteagoak egingo balu”, azaldu du Bilbaok. Gutierrez ere iritzi berekoa da: “18 bat urte genituen proiektu hau abiatu genuenean eta bada garaia beste batzuek hartzeko lekukoa”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide