Ertzaintzaren patruila batek ez ohiko abidura motelean joaten ari zen autoa ikusi du gaur goizaldeko laurak baino lehen Amurrioko herrigunean. Hori dela eta, agenteek gelditzeko agindu diote gidariari. Hori egin ordez, ibilgailuaren abiadura bizkortu du eta agente batek alde batera bota behar izan du bere burua, harrapatua ez izateko.
Poliziak ohar batean azaldu duenez, ertzainek geratzeko agindu diote berriro, eta azkenean horrela egin du 41 urteko gizonak. Hala ere, identifikatzen ari zirenean, oinez ihes egiten saiatu da. Agenteek eutsi egin diote, eta akusatuak eraso egin die.
Horren ondorioz, Ertzaintzak atxilotu egin du gizonezkoa, eta agintaritzaren kontrako atentatua eta bide segurtasunaren kontrako delituak leporatu dizkio. Amurrioko epaitegiaren esku geratuko da kasua, momentuz.