Hasteko, azaroaren 7an epaiketa duzu, ezta?
Bai, agintaritzaren kontrako atentatua leporatu didate eta 15 hilabeteko kartzela zigorrari egin beharko diot aurre.
Zein da akusazioa?
Egozten didate ertzain bati ukabilkada ematea bularrean.
Eta, zure ikuspuntutik, zer gertatu zen atxiloketaren egunean?
Lehenik eta behin, azaldu behar dut ekainaren 17an zela Tubacexeko grebari lotutako salatuen bigarren epaiketaren deklarazio txanda. Uste genuen aurreko elkarretaratzean bezalak, epaitegiaren aurrean bilduko ginela arazo barik, txalotuko genituela akusatuak sarreran eta irteeran eta etxera joango ginela, edo piketera.
Edonola ere, hizketan ari ginela, bat-batean Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak -`beltzek`- zabaldu zuten dispositiboa eta bultzaka hasi ziren.
"Eusko Jaurlaritzak zerbait egin behar zuen luzatzen ari zen grebaren kontra eta gu kriminalizatzen saiatu zen"
Ni hirugarren lerroan nengoen eta bat-batean, lehen lerroan ikusi nuen nire burua. Hurrengoa izan zen hormaren kontra egotea atxilotuta eta gorputza kolpez beterik nuela. Atxilotu ninduten.
Zuk esan bezala, aurreko elkarretaratzean ez zen istilurik egon. Zergatik uste duzu gertatu zela hori bigarrenean?
Greba luzatzen ari zen eta Eusko Jaurlaritzak interesak zituen hori ekiditeko, enpresaren aldekoa baitzen. Zerbait egin behar zutenez, kriminalizatu nahi gintuzten.
Probokazioaren bitartez bilatu zuten guk erantzutea bortizki, gu agertzeko telebistan gaizkile moduan. Ez zutenez lortu, azken probokazioa izan zen gutako bat atxilotzea, baina hala ere ez zuten lortu. Dena den, ondorioak orain niretzat dira.
Epaiketaren atarian, zeintzuk dira zure sentsazioak?
Gutxi gorabehera badakigu zer gerta daitekeen. Ertzainen hitza epaitegian herritarron hitzaren gainetik dago. Alde horretatik, badakigu zein izan daitekeen emaitza, baina nik nahiko nuke gezurretan ari direla erakustea eta eurek izatea ondorioak pairatu behar dituztenak. Gure babeserako dauden horiek, euren soldata horretarako baita, gaizki egiten dutenean euren lana, ondorioak izan ditzan. Gure lanean gertatzen dena, alegia.
"Nahiko nuke erakutsi gezurretan ari direnak ertzainak direla, eta eurek izatea ondorioak. Gure babeserako dauden horiek txarto egiten dutenean lana, ondorioak pairatu beharko lituzkete, guztiok bezala"
Gu jotzeko baimena daukate, euren hitza legea da... Horrek guztiak, botere horrek, ardura exijitzen du. Ez bada ondo erabiltzen, ondorioren bat egon beharko litzateke.
Atxiloketan anbulatorioan amaitu zenuen. Esperientzia mugarria izan da zure bizitzan?
Noizbait sinetsi izan badut Ertzaintza gure babeserako beharrezkoa zela, orain ez dut horrela pentsatzen. Kasu batzutan agian bai, baina gure lanpostuak babesteko eta sindikalgintzarako, ez. Gure aurka egongo dira beti.
Zu bezala badaude beste atxilotu batzuk. Nola bizi izan zenuen hori guztia?
Uste dut guztiak gaudela txundituta. Jotzen zaituztenean arruntena da erantzutea, eta kasu batean hori gertatu bazen ere, beste guztietan ez dago arrazoirik atxiloketarako. Esaterako, batek, tabako kutxatila bat botatzeagatik, bizi osorako lesioa izango du. Hori merezi genuen?
Beste kasuak antzekoak dira. Probokazioa eta grebaren kontra egitea.
Zuk epaiketa izango duzun bitartean zure lanpostua defendatzeagatik, Tubacex enpresako zuzendaritzak mozkin izugarriak lortu ditu azken hilabeteetan. Zer iruditzen zaizu hori?
Argi geratu da zuzendaritza gezurretan ari zela. Lantegi bat ez da igarotzen urtebetean ixteko arriskuan egotetik irabazi historikoak lortzera, kudeatzaile onenak izanda ere.
Komunikabideek eta segurtasun indarrek, guztion mesederako lan egin behar zutenek, gobernuaren eta dirudunen alde egin zuten berriro, herri honen sostengua den langile klasea alde batera utzita.
Niri ardurarik handiena sortzen dit ikusteak datozen belaunaldiak zer nolako etorkizuna jasango duten.