Urriaren 19an amaitu zuten 2022ko mahats-bilketa, eta upeltegietako kartilletako datuen %95 jasota, Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenak adierazi du “datuak oso onak” direla, “kalitate oso oneko 716.000 kilo mahats” bildu dituztelako. Oraindik ere mahats-bilketa berantiarreko uzta zenbatzea falta da, baina elkarteak zehaztu du inoizko jatorri-deitura babestuko (JDB) mendema handienetik 2.000 kg eskasera geratu direla. Izan ere, 2020an 718.500 kg mahats bildu zituzten, eta aurtengoa 2021eko uzta baino %59 handiagoa izan da.
Kontuan hartzekoa da kanpaina honetako lehorte iraunkorrak “oso landare estresatuak” eman dituela eta, ondorioz, ale txikiagoak. Aitzitik, elkarteak adierazi duenez, aurten mahatsondoek ez dute gaixotasun endemikorik pairatu. Gainera, Arabako Txakolinak ohar bidez zabaldu duenez, “iraileko lau euri-egunek mahastien hobekuntza hidrikoa lagundu zuten”, eta horrek eragin du mahats-bilketa aurreikuspenetara hurbiltzea. Horregatik guztiagatik, ezohikotzat jo dute aurtengo mahats-bilketa.
Dagoeneko egin dituzte upeltegietan lehen egiaztapenak eta, jasotako datuen arabera, “kalitate maila altua” espero dutela adierazi du jatorri-deitura babestuak. Orain, elaborazio-prozesuekin hasiko dira eta lehen dastatze ofizialak otsailetik aurrera egiten hastea aurreikusten dute. Txakolina aurkezteko egun ofiziala 2023ko ekainaren 4a izango da, Amurrion antolatuko duten Arabako Txakolin Egunean.