Astelehen eta asteartean Eusknaf22 saskibaloi txapelketako haurren kategoriako partidak jokatu dituzte Erriberrin. Lurraldeetako selekzioen txapelketa da eta junior mailako partidak Laudion jokatuko dituzte abenduaren 27an eta 28an. Haurren mailan 12 eta 13 urte artean dituzten Aiora Garcia, Maider Pinedo eta Pablo Olea amurrioarrak aritu dira Arabako Selekzioarekin. Saraobe klubeko jokalariak dira eta “oso pozik” itzuli dira txapelketatik. Hirurek azpimarratu dute esperientzia errepikatuko luketela.
Urriaren 31n eta azaroaren 1ean jokatu zituzten partidak, Erriberrin. Pinedo eta Garcia neskekin aritu ziren, Bizkaiko eta Nafarroako selekzioen aurka, partida bana eguneko. Biak galdu bazituzten ere (lehenengoa 6 puntugatik eta bigarrena 26gatik), “primeran jokatu” dutela diote, eta “esperientzia polita” izan dela azaldu.
Oleak mutilen taldean jokatu zuen, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeen aurka, hurrenez hurren. Lehen partidan “txarto” aritu zirela dio, baina bigarrenean “ondo”. Hala erakusten dute emaitzek ere (lehena galdu zuten eta bigarrena irabazi). Txapelketa orokorrean hirugarren geratu da Arabako selekzioa eta jokalari amurrioarra oso pozik agertu da.
Arabako selekzioarekin jokatzeko igandero Gasteizko Ibaiondo kiroldegira joan dira entrenatzera, kasu batzuetan goiz zein arratsaldez ere. “Sakrifizio handia” izan dela diote, baina denek aitortu dute oso ondo pasatu duela eta pozik egin dutela. Hori bai, gustura hartuko dute merezitako atsedena, Saraobe taldearekin ligan jokatzen jarraituko duten arren, astean hiru egunez entrenatzen.