Amurrioko Krosak IV. edizioa izango du datorren abenduaren 11n, igandean. Maila guztietako korrikalariek hartu ahalko dute parte, federatua egon zein ez. Refor kirol guneko lanak direla eta, ibilbidea apur bat aldatu du Oinkariak atletismo taldeak, baina maila eta ikusgarritasuna ziurtatuta daudela adierazi dute.
Gazteek emango diote hasiera kirol jardunaldiari. 10:00etan 16, 18 eta 20 urtez azpiko mutilak abiatuko dira eta 10:30ean, aldiz, neskak. Mailaren arabera distantzia desberdinei egin beharko diete aurre eta, horren arabera, bira kopuru bat edo beste emango diote ibilbideari.
11:00etan lasterketa herrikoia hasiko da, master txapelketarekin batera. Bertako parte hartzaile guztiek egin beharko dituzte 5.000 metro korrika. Lasterketa herrikoian parte hartzeko dortsala 3 euroren truke eskuratu daiteke egunean bertan. Nolanahi ere, aurrez izena eman behar da atletismo-oinkariak.com webgunean. Antolatzaileen hitzetan, "krosak egiten ez dituztenentzako aukera polita da" hori.
Horren ostean, eta 12:15ak bitarte, eskola kiroleko korrikalarien txanda izango da. Lasterketa Arabako eskola kiroleko proba puntuagarria izango da. Egunari seniorrek eta 23 urtez azpikoek emango diote amaiera. Lehendabizi emakumezkoak aterako dira 12:25ean, 8.000 metroko ibilbidea osatzeko, eta 13:10ean gizonezkoak, 9.000 metro korrika egiteko.
Haurren, kimuen eta benjaminen lasterketetan parte hartzeko izena eman beharra dago Oinkariak atletismo taldeko webgunean, eta federatuek Espainiako federazioaren intranetean bete beharko dute inskripzioa.
Antolatzaileek azaldu dute aurreko urteetako maila errepikatzen saiatuko direla eta "kros ikusgarria eta entretenigarria" izango dela. Hortaz, amurrioarrak eta aiaraldearrak abenduaren 11n Reforrera bertaratzera animatu dituzte, ez soilik korrika egitera, baita txapelketa ikustera eta korrikalariak animatzera ere.