Amurrioko 2023ko aurrekontuak eurekin adostea eskatu diote PSE-EEko kideek Udal Gobernuari. David Romeroren ustez, modu horretan lortu ahalko litzateke herriak behar duen “egonkortasun politiko eta ekonomikoa”.
Zinegotzi sozialistaren aburuz, udalerria “interes alderdikoi eta pertsonalisten” gainetik kokatu behar da eta, horretarako, beharrezkoa da “batera arraun egitea”.
Ildo horretan, PSE-EEeko ordezkariak uste du datorren urteko aurrekontuak “funtsezkoak” izango direla, “Putinek Ukrainan abiatutako gerrak sortutako erronkei” aurre egiteko.
Gauzak hala, negoziazio mahai batean esertzea eskatu dio Alderdi Sozialistak EAJko gobernuari. Zerbitzu publikoak bermatzea eta Amurrioko “sektore sozial eta ekonomiko guztiak” babestea izango litzateke sozialisten helburu nagusia balizko negoziaketa horretan, oharrean azaldu dutenez. “Auzokide askok, Enpresa Txiki eta Ertainek, autonomoek eta besteen konturako langileek, baita gure inguruko enpresek ere, inoiz baino gehiago behar dute udal-erakundeen ahalegina, euren beharrizanei erantzuteko”.