Ostiralean hasiko dira Lezamako jaiak. Administrazio Batzarrak hiru eguneko egitarau oparoa prestatu du, pandemiaren ostean herriko festez gozatu ahal izateko.
San Martinen omenezko mezarekin abiatuko dituzte ospakizunak urriaren 11n. Zozketa eta argazki herrikoiaren ostean, 65 urtetik gorako auzokideak bazkaltzeko elkartuko dira Lezamako txokoan. 18:00etan briska txapelketa egingo dute, eta iluntzean txokolatada.
Egitarauaren zatirik handiena larunbaterako gorde dute. Haurren ziklokros probak abiatuko du eguna. Eguerdian herri bazkaria egingo dute, eta jarraian Lezamako X. Mus txapelketari ekingo diote, baita Iñaki Otegik girotutako dantzaldiari ere.
18:30ean haurrentzako zumba saioa dinamizatuko du Izaskun del Cerro urduñarrak. Iluntzeko bederatzietan, ordea, parrillada egingo dute frontoian, eta Akerbeltz erromeria eta DJ Varro jai-giroa ordu txikiak arte luzatzeaz arduratuko dira.
Autobusak Lezamara
Urriaren 12an autobusak antolatu dituzte Lezamatik igo eta jaisteko. Igoera 23:15ean egingo dute Amurrioko Telefonicako eraikinetik. Itzulera, aldiz, goizaldeko 6:15ean izango da.
Mendi martxa igandean
Ohiturari jarraituz, Lezamako Mendi Martxarekin eta honen osteko poteoarekin agurtuko dituzte aurtengo ospakizunak. Bi ibilaldi proposatu dituzte; 10 kilometroko martxa laburra eta 16 kilometroko luzea. Biak ala biak Lezamako Txokotik abiatuko dira igandean, 10:00etan.
Izen ematea Internet bidez egin beharko da azaroaren 12a baino lehen. Antolakuntzak adierazi du ez dela izen-ematerik onartuko egunean bertan.