Ezohiko irudia ikusi ahal izan zen atzo Amurrioko Udaletxean. Prentsaurrekoa eskaini zuten Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako kideek batera, V. Berdintasun Plana aurkezteko.
“Akordio politikotik” sortutako plana izan dela nabarmendu zuen Txerra Molinuevok. “Lehen unetik genuen buruan berdintasuna bezalako gai batean denok batuta egon behar genuela eta plana udaleko indar guztien artean adostutakoa izan behar zela”, azaldu zuen alkateak.
Izen propioa jarri diote bosgarren plan honi: Aingurak. Logo bat ere plazaratu dute, Guk eskulturaren forma iradokitzen dute hiru eskuz osatutakoa. Oro har, lan handia egin dute egitasmoaren lanketa estetikoan, atzo plazaratutako eskuorrietan ikusi daitekeenez:
Lau ardatz
Baina plana estetikatik harago doa. Egitasmo zehatzak planteatu dituzte, helburu honekin: Genero ikuspegia udaleko politika guztietan txertatzea, “erabaki guztien zentro bilakatuz”.
Hori lortzeko, lau ardatz jarri dituzte abian. ‘Gobernu onarena’ da horietako bat. Ardatz horrek xede nagusi bat izango du: neurri politikoak hartzen dituzten eragile guztiek genero-ikuspegia txertatzea.
Bi marko sortu dituzte horretarako, jada martxan daudenak: Berdintasun mahaia (talde guztien ordezkariek osatua) eta mahai teknikoa. Bi lan-talde horien bidez egingo zaio jarraipena planari, “ez dadin plan huts bat izatera mugatu”. Horrez gain, generoari buruzko prestakuntza eta gaikuntza ere sustatuko dituzte udaleko sailetan.
Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren ahalduntzea izango da planaren beste ildoetako bat. Hainbat ekimen barnebilduko ditu: emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko programak, Amurrioko Emakumeen Sarearen indartzea, Laia eskolaren barruan egiten diren dinamikak edota guraso elkarte eta ikastetxeetan hezkidetza eta sexu-hezkuntza sustatzea, besteak beste. Amurrioko emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren “memoria historikoa” berreskuratzeko ekintzak ere egingo dituzte.
Ekonomia eta gizarte-antolamendua izango da hirugarren ildoaren funtsa. Zaintza lanetan jarriko dute begirada batez ere. Lan-talde bat eratuko dute Udalaren barruan zaintza bermatzeko eta politika publikoak ere norabide horretan joan daitezen. Barne-prestakuntza, irizpideen txertaketa eta programak abian jartzea ere aurreikusi dute planean.
Laugarren eta azken ardatzak, aldiz, emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren aurkako indarkeria jorratuko du, prebentzioa landuz eta "indarkeria matxistatik bizirik irtetea" lortu zuten pertsonak "modu integralean" artatuz, “arazoa guztiz gainditzea lortu arte”.
Udal protokoloa berrikusi eta hobetuko dute horretarako, sentsibilizazio ekintzak antolatuko dituzte, eta prestakuntza saioak eta ekintzak eskaini udalerriko ikastetxeetan. Beldur Barik programa baliatuko dute horretarako, besteak beste.
Etxez etxeko banaketa eta aurkezpenak elkarteei
Eskuorri bat osatu du tokiko erakundeak, planaren nondik norako nagusiak azaltzeko. Aurreratu dutenez, udalerriko etxe guztietara bidaliko dute kopia bana. Horrez gain, bilerak egingo dituzte herriko elkarteekin, plana azaltzeko.
Halaber, dokumentu osoa sarean jarriko dute ikusgai laster, Udalaren webgunean.