IÑIGO URIA CUADRA

“Esperientziaz ahalik eta gehien disfrutatzea izan zen nire asmoa Munduko Kopan”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 12a, 07:30
Ciclos Getxo taldeko txirrindularia da gaur egun Iñigo Uria Cuadra. / Aiaraldea.eus

IÑIGO URIA CUADRA (Amurrio, 2006) Ciclos Getxo taldeko txirrindularia da, eta iragan urrian Txekiar Errepublikako tabor hirian izan zen, ziklo-kroseko Munduko kopan lehiatzen.

Txekiar Errepublikan izan zara duela gutxi, Munduko kopako lasterketa batean. Nolako esperientzia izan da?

Ziklo-kroseko Munduko Kopa bat zen eta iragan urriaren 23an Txekiar Errepublikako Tabor hirian jokatu zen. Maila oso altuko lasterketa zen, munduko kirolari onenek hartzen zuten parte bertan. Oso esperientzia polita izan da hain maila altuko txirrindulariekin lehiatzeko aukera izatea.

“Esperientzia polita izan da maila altuko kirolariekin lehiatzeko aukera izatea”

Zenbat denbora daramazu txirrindularitzan?

Ni duela lau urte hasi nintzen Aiara Baik taldean lehiatzen, haur kategoriako lehenengo taldean. Niri txikitatik gustatu izan zait bizikletaz ibiltzea, nire amari, ordea, ez zitzaion batere gustatzen errepidean gora eta behera ibili behar izatea. Baina azkenean lortu nuen taldera apuntatzea. Kadete mailara igarotzerakoan Aiara Txirrindulari Elkartearekin lehiatzen hasi nintzen. Hasi berri den ziklo-kros denboraldi hau Ciclos Getxo taldearekin egingo dut. Bost kide gara taldean, oso harreman ona daukagu. Taldeko kide baten aitak Ciclos Getxo denda kudeatzen du eta berak egin zigun denboraldirako arropa. Urtarrilaren 1etik aurrera, aldiz, Gasteizko Alimco-Campagnolo taldera batuko naiz.

Nola jaso zenuen Munduko Kopara joateko gonbidapena?

Ikaragarrizko albistea izan zen niretzat. Poz handia sentitu nuen, baina baita urduritasuna ere, erronka handia zen.

Ziklo-kros denboraldia hasi berritan joan zinen Taborrera. Nola prestatu zenuen lasterketa?

Munduko Kopara joan nintzenerako ziklo-kroseko denboraldian hilabete eman nuen bakarrik. Denbora gutxi da lasterketa ondo prestatzeko eta sasoian joan ahal izateko. Jakinda ez nengoela sasoi onenean, esperientziaz ahalik eta gehien disfrutatu eta irakaspen baliagarriak eskuratzea zen nire asmo nagusia. Eman behar nuen guztia ematen saiatu behar nintzen, noski.

Taldekideren batekin joan zinen?

Bai, Ciclos Getxoko beste kide batekin joan nintzen. Oso harreman ona dugu eta giroa bikaina izan zen.

Nolakoa izan zen lasterketa? Nola gogoratzen duzu?

Irteera lerrotik 80 kirolari inguru atera ginen. Ni oso urduri nengoen; txirrindulari guztiak euren herrialdeetako maillotarekin ikusteak tentsioa areagotu zuen, maila altuko lasterketa serioa zen hura. Horrelako lasterketetan, gainera, musika jarri egiten dute txirrindulariak abiatu aurretik. Bihotz taupada batzuen audioa jarri zuten, geroz eta arinago eta geroz eta ozenago. Tentsioak are gehiago egiten du gora une horietan (barreak). Lehenengo hiru itzuliak oso ondo joan ziren. Azken bueltan txirrindulak arazoren bat edo beste eman zidan, baina erremontatzea lortu genuen. 53. Postuan gurutzatu nuen helmuga.

Nola ikusi zenituen zure aurka lehiatzen ari ziren gainerako txirrindulariak? Eta zirkuitua?

Maila oso altua zen. Ni orain junior kategoriako lehenengo mailan nago, eta urte beteko aldean egundoko jauzia dago kirolarien artean. Asko gorpuzkera handikoak ziren, sasoi betean zeuden, profesionalagoak. Zirkuitua ere ikusgarria zen, oso ondo prestatua zegoen. Gu goizeko lehenengo orduan lehiatu ginen eta lokatz askorekin egin genuen topo. Asko dago ikasteko, zirkuituen antolakuntzan besteak beste, izugarrizko maila zuten bertan. Ez gaude ohituak hain zirkuitu onak ikustera. Laudiokoa salbuespen bat da, oso ondo antolatuta dago. 

Lehiatzeaz gain, maila altuko txirrindulariak ikusteko aukera ere izan duzue.

Bai, niri asko gustatzen zait ziklo-krosa telebistan ikustea baina ez du zerikusirik hain maila altuko txirrindulariak aurrez aurre dituzunean. Telebistan zirkuitua askoz errazagoa dirudi beti.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide