2023ko aurrekontuak osatzeko eztabaidari ateak itxi izana leporatu dio EH Bilduk Amurrioko udal gobernuari. Proposamenak egiteko gonbidapena jaso ostean, aurrekontu-partiden mugak ezagutzeko bilera bat eskatu zuela azaldu du koalizio abertzalea. EAJren udal gobernuak, ordea, uko egin dio bilera horri, EH Bilduk azaldu duenaren arabera, oposizioko taldeak ekarpenik ez duela iritzita.
Udal-aurrekontuek informazioa, gardentasuna, akordioak eta adostasuna behar dituztela uste du opozisioko taldeak, eta "biziki sentitzen" du udal-gobernua koalizioarekin hitz egitera eseri nahi ez izatea. Mariano Alava bozeramailearen hitzetan, “24 milioi euroko kontuak ezin dira horrela landu, inolako azalpenik eman gabe, oposizioaren lana oztopatuz eta oposizioaren indar nagusiarekin akordioa lortzeko inolako borondate politikorik erakutsi gabe”.
Egoera salatzeko plazaratutako oharrean, Amurriorentzako proiektu bat duela nabarmendu du EH Bilduk. Talde politikoaren iritziz, udal gobernuaren jarrerak egoera "larri" batera darama aurrekontuen eztabaida eta EAJ eta PSE-EEri eskatu diete 2021eko aurrekontu-akordioan sinatutakoa betetzea. Akordio horren arabera, hamabost egunera luzatzen zen aurrekontuei zuzenketak egiteko epea.
Akordio horren arabera ere udal gobernuak konpromisoa hartzen zuen 2022ko urria baino lehenago aurrekontuen aurreproiektuaren egoera teknikoaren berri emateko, eta urte amaitu aurretik kontuak bozkatzeko. Gauzak hala, sinatutakoa betetzea eskatu du EH Bilduk.