Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak astebeteko jarduera egitaraua antolatu du Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruan. Programazioa bihar hasiko da “Beldur Barik jarrera Aiaraldea 2022” lehiaketaren sari banaketarekin, eta azaroaren 25ean egun hori dela-eta egindako horma-irudia inauguratuko da Frontoi kaleko etxebizitza baten fatxadan.
Horma-irudia emakume eta neska talde batek egindako elkarlanaren emaitza da eta indarkeria matxistaren gaitzari buruzko eta gizarteak indarkeria horri aurre egiteko dituen tresnei buruzko gogoeta sortu nahi du. Irudian, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz aldarrikapen-hitzak irakur daitezkeen hiru zinta zintzilik dituen giltza bat altxatzen duen gazte bat islatzen da. Giltzak eta hari dagozkion zinta korapilatuek desberdintasuna eta indarkeria nagusi diren munduaren kaosa, bidegabekeria eta egoera absurdua irudikatzen dute.
Irudiaren atzean indarkeria matxistaren kontrako zirkulu morea dago, horizontetik desagertuz. Izan ere, egunen batean ez da beharrezkoa izango indarkeriaren aurka gaudela gogoraraztea, indarkeria baztertu, prebenitu, saihestu eta desagertu egingo da. Paisaia abstraktu horretan hegan eginez, azaroaren 25a deklaratzeko arrazoia gogorarazten duten hiru tximeleta ageri dira. Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal, “Tximeletak” ezizenez ezagunak. Rafael Leonidas Trujillo (1930-1961) Dominikar Errepublikako diktadore ankerrari aurre egin zioten eta euren bizitzekin ordaindu zuten, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren ikur bihurtuz.
Egitarau osoa:
- Azaroaren 18an: 18:00etan, “Beldur Barik jarrera Aiaraldea 2022” sari banaketa Amurrio Antzokian. Doan, leku guztiak bete arte.
- Azaroaren 19an: 18:00etan, “Eso no es amor” Marina Marroquíren bakarrizketa. 14 urtetik gorakoentzat gomendatua. Amurrio antzokia. Doan, leku guztiak bete arte.
- Azaroaren 25ean: 18:00etan, frontoi kaleko horma-irudi parte hartzailearen inaugurazioa eta Zankueta Abesbatzaren emanaldia. 19:00etan, Amurrioko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa
- Azaroaren 26an: 20:00etan, “Pioneras” dantza ikuskizuna. Amurrio Antzokia. 8 €