XABIER EGIA ARRIOLA

“Coimbrako egunerokotasuna filmetan islatzen den bizitza unibertsitarioaren parekoa da”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 29a, 06:00

Xabier Egia Arriola (ezkerra) Portugalgo Coimbra hirian bizi da. / Xabier Egia

XABIER EGIA ARRIOLA (Amurrio, 2001) Portugalgo Coimbra hirian ari da zuzenbideko bere ikasketak gauzatzen, Erasmus programari esker. Bere esperientziaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin, eta eskualdeko ikasleak animatu nahi ditu Coimbra ezagutzera.

Zer egiten duzu Portugalen?

Irailaren hasieran iritsi nintzen Portugalera eta, egia esan, bihozkada batengatik nago hemen, intuizioz. Hasiera batean Italiara joatea pentsatu nuen, herrialdearekiko dudan lotura estua eta Italierako B2-a atera berri nuela aprobetxatuz. Baina, leku berriak, kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko une egokia zela sentitzen nuen. Hemen nago Erasmusa egiten, Zuzenbide Graduko 4. maila ikasten, portugesez, gainera.

Coimbran ari zara erasmusa igarotzen, nolako hiria da? 

Coimbra Europako ikasle-hiri berezienetariko bat da, Portugaleko Salamanka bezala. Iritsi nintzen lehen unetik konturatu nintzen nolako garrantzia duten ikasleek hemen; 20.000 ikasleko komunitate bat gara hiri txiki batean; beraz, unibertsitateko bizitza eta gazte-giroz beteta dago. Giroa izugarria da eta jendea oso irekia eta abegitsua. Hemen bi festa handi egiten dira: bat ikasturte hasieran; 'Latadak'; eta beste bat ikastaroaren bukaera gisa: 'Quema Das Fitas'. Festa sakratua da haientzat, horregatik ulertzen dugu elkar hain ongi. Unibertsitate honetako bizitza filmetakoa da; ikasleak Harry Potter estiloko kapekin doaz eta gaur egun gordetzen segitzen diren tradizio milenario bitxiak betetzen dituzte. Horrez gain, bizitza oso erosoa da; hiri polita eta dibertigarria.

Zure lehenengo aldia da beste herrialde batean bizitzen? Aurretik beste nonbaiten  egon zara?

Etxetik irteten nintzen lehen aldia zen bai, eta nolabait, beste herrialde batean bizi naizen lehen aldia ere bai.  Batxilergoan astebeteko ikasle-trukea egin nuen Italian, institutuarekin, eta, ordutik, oso lotuta egon  naiz Italiarekiko. Nonbaiten luzaroago bizitzeko gogoa nuen, gauza berriak probatzeko  grina. Batzuetan maldan gora egiten zait hizkuntza oso ondo ez ulertzea, baina berehala neure burua defendatzen ikasi dut. Zure herrialdetik ateratzeko, ezinbestekoa da erosotasun-eremutik irten nahi  izatea eta gauza berrietara moldatzeko gaitasuna izatea.

"Hemendik  animatzen ditut euren Erasmusa non egin argi ez duten Aiaraldeko gazte guztiei Coimbrara etor  daitezen, gustatuko litzaidake norbaitek bizitzea ni bizitzen ari naizena"

Nolakoa da zure egunerokotasuna bertan?

Coimbrako bizimodua eta gainerako Erasmus hiri ohikoen bizimodua oso desberdinak dira. Hemen ikasleok ez gara pisuetan bizi, baizik eta 15 pertsona inguruko etxe handietan antolatzen gara, eta horrek jende ezberdina ezagutzeko aukera ematen digu. Errepublikak, okupatutako ikasle-elkarte egoitza eta kultura anitzeko gune bihurtu dira, eta bertan espiritu iraultzailean eta izaera irekian oinarritutako jarduera eta tailer ugari egiten dira, Gaztetxe baten antzera. Egunerokotasuna filmetan islatzen den bizitza unibertsitarioaren parekoa da; jaiak etxe erraldoietan egiten dira, fakultateen barruan, eta hemen unibertsitatearekiko atxikimendua ahobatezkoa da. Fakultate bakoitzak bere desfileak egiten ditu, bere sinbolo, karroza eta jendetzarekin, ereserkirik zaharrenak oihukatuz. Gau-bizitza handiko hiria izateaz gain, Coimbrak plan eta aisialdi-eskaintza amaigabea eskaintzen du. Ni, adibidez, astean zehar egunero ateratzen naiz farran, igandean izan ezik, noski. Kirolari dagokionez, astean behin futbolean entrenatzen hasi naiz.

Zeintzuk dira ikusi dituzun desberdintasun nagusienak?

Gehien harritu nauena ikasleei hemen ematen zaien heroi-aitorpena da. Eminentzia gisa tratatzen dituzte. Nire ustez, Euskal Herrian ez gara hain elitistak norbait ikasteagatik edo ez ikasteagatik epaitzeko orduan, izan ere, haiek askotan prestigioaren arabera jarduten dute. Bestalde, uste dut ikasle-komunitateak kontzientzia sozial eta politiko handia duela; greba, ekitaldi eta hitzaldiak oso ugariak dira, eta nabari da gauzak aldatu nahi dituen jendea dela. Zentzu horretan, Euskal Herrian dugun kontzientzia gogorarazi dit. Horrez gain, izugarri dut faltan poteo-kultura ta euskal gastronomia... Hemen asko edaten da, baina eserita.

Portugaleko beste hainbat tokitan ere izan zara; non?

Hilabete hauek aprobetxatu ditut Portugaleko txoko ezezagunak bisitatzeko. Lisboa, Oporto, Aveiro, Costa Nova, Braga, Leiria, Buçaco etab. ezagutzeaz gain, bidai paregabea egin dugu Azores  irletara. Egon naizen leku politenetariko bat izan da dudarik gabe. Klima tropikala, paisai ederrak eta konpainia ezin hobea. 

Noiz bueltatuko zara Aiaraldeara? Bertan denbora gehiago geratzeko gogoak dituzu?

Printzipioz otsailean egongo naiz bueltan. Unibertsitateari Erasmusa luzatzeko eskaera bidali  diot, baina momentuz ezetz esan didate. Ordainduko nuke urte osoa geratzearren, baina bukaeraren  gertutasunak esperientziaz askoz gehiago gozatzera ta aprobetxatzera bultzatzen nau. Hemendik  animatzen ditut euren Erasmusa non egin argi ez duten Aiaraldeko gazte guztiei Coimbrara etor  daitezen, gustatuko litzaidake norbaitek bizitzea ni bizitzen ari naizena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide