Hautsak harrotu ditu Amurrioko Udaltzain batek iragan urriko azken astean bere sare sozialetan zabaldutakoak. Otsemeak Neska* Gazte Taldeak eman zuen gertatutakoaren berri: udaltzain batek Adrian Camacho tiktoker nafarraren bideo bat elkarbanatu zuen bere Instagram kontu publikoan; Halloween-eko ospakizunen testuinguruan nesken mozorroei egiten zien erreferentzia bideoak.
Neska* Gazte Taldeak erasotzat jo zuen gertaera, eta hura kasu isolatua ez zela nabarmendu zuen ere. “Ez da kasu isolatu bat, Amurrion azken hilabeteetan esango genuke udaltzaingoen jarrerak jarrera feministak izatetik oso urrun kokatzen direla”, azaldu zuten erasoa salatzeko plazaratutako oharrean.
Talde feministak Udalari neurriak exijituko zizkiola iragarri zuen, eta horrela egin du tokiko gobernuarekin elkartzeko aukera izan duenean. Halaber talde feministako kideek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, Udalak ez du erasoa mahaigainean jarri duen Otsemeak taldearekin harremanetan jartzeko ahaleginik egin. Kontrara talde feministaren ekiteak ahalbidetu du bi aldeak batzartzea.
Gaia langile batzordean
Amurrioko Udaleko langileek ere egoeraren aurrean neurriak hartzeko beharra mahaigaineratu zuten. LAB sindikatuak ahaleginak egin izan ditu ordezkaritza sindikala duten gainerako atalekin “jarrera bateratu eta eraikitzaile” bat publiko egiteko baina, iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenaren arabera, ezinezkoa izan da.
Gogoratu beharra dago Amurrioko Udalak berriki egin dituela hauteskunde sindikalak. LABek bildu zuen babes gehien eta hiru ordezkari lortu zituen, baina ESAN sindikatuak, Ertzaintzaren sindikatu korporatiboak, ordezkari bat eskuratu zuen ere. ELA sindikatuak lortu zuen bosgarren ordezkaria.
LAB sindikatuak ahaleginak egin izan ditu ordezkaritza sindikala duten gainerako atalekin “jarrera bateratu eta eraikitzailae” publiko egiteko baina, iturri sindikalen arabera, ezinezkoa izan da hori
LABek oharra plazaratu du berriki udaltzainarekin jazotakoa salatzeko: "Bereziki gertaera larria iruditzen zaigu herritarren segurtasunaz arduratzen diren autoritateek eraso matxistak jasotzen dituzten edukiak zabaltzea, kontuan izanda, eraso matxista horiek pairatzen dituzten emakumeek gero eurengana joan behar dutela babes eske” nabarmendu dute oharrean.
Sindikatu abertzaleak gogorarazi du ere langile publiko orok duela herritarrak begirunez tratatzeko betebeharra edozein delarik jatorria: sexua, hizkuntza, arraza, jatorria, klasea edota dibertsitate funtzionala.
Are gehiago, azpimarratu dute ere Amurrioko Udaleko langile guztiek sinatu dutela etika eta jarrerei buruzko kodea. “Protokolo horiek langileen parte hartzearekin landu behar dira, edukiak zabaltzeko, kontzientziazio lana egiteko, eta protokolo hori ondo aplikatzeko. Politikariek, udal langileok, eta udaltzainek bereziki, Amurrio eraso sexistarik gabeko eta inolako bazterkeriarik gabeko herria izatea bermatu behar dugu, eta eredu izan behar dugu” aldarrikatu du LABek.
Udal talde politikoek sinatutako adierazpenarekin eta udaltzainei trebakuntza eskaintzeko neurria ezinbesteko ikusten dituen arren, LABen iritziz neurri horiek ez dira nahikoak eta prestakuntza zehatza, aldian aldikoa eta iraunkorra eskatu du. Azkenik, udaltzaingoak orain arte izandako bilakaeraren eta etorkizunean izan beharko lukeenaren hausnarketa ere beharrezkotzat jo du sindikatuak.