‘Minipuntu garbiak’ jarri ditu Amurrioko Udalak Baranbio, Lezama, Larrinbe eta Delikan, Administrazio Batzar horietan ere gaikako birziklapena sustatu ahal izateko.
Orain Amurriok proposatu zuen horretarako 12.000 euroko diru partida gordetzea aurtengo aurrekontuetan, opozisioko talde politikoak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. “Esku-hartze horri esker, batetik, Administrazio Batzar hauetan bizi diren pertsonen alferrikako joan-etorriak saihestuko dira, eta, bestetik, birziklapena Amurrioko udalerritik urrunen dauden lekuetara hurbilduko da”, azaldu du talde politikoak, eta ‘minipuntu’ horietan utzi daitezkeen hondakin motak zerrendatu ditu: “CDak eta DVDak, mugikorrak kargagailuekin eta bateriekin, pilak, tresna elektriko edo elektronikoen hondakinak eta inprimagailu-kartutxoak”.
Aiarako Hondakinak Biltzeko Zerbitzu Mankomunatuak egingo du pilatzen diren objektuen bilketa, oharrean zehaztu duenaren arabera.