20 lasterketak osatu dute Amurrioko IV. Krosa. Ohi gisan, Reforreko kirolgunean atondu dute zirkuitua, eta hosto eta lokatz artean egin dute ibilbidea hainbat modalitate eta kategorietan parte hartu duten 643 korrikalariek. Hala, 10:00etatik ia 14:00ak arte giro ederrean igaro dute goiza. Izan ere, Amurrioko txapelketa ez ezik, Arabakoa ere jokatu da.
Espero gisa, handia izan da eskualdeko talde eta norbanakoen parte hartzea. Alabaina, Getxo, Gasteiz eta beste zenbait herrietatik ere bertaratu dira klubak.
Amurrioko Skaut taldeak, bere aldetik, txosna jarri du arkupeetan, edari bero zein hotzak eskaintzeko nola partaide hala laguntzaile edo animatzaileei.
Aiaraldear ugari podiumean
Sailkapen osoa Oinkariaken webgunean jarriko dute. Edozelan ere, eskualdeko kide ugarik zapaldu dute podiuma, emaitza bikainak erdietsita:
- June Rivas Garcia-Escuderok (Laudio Atletismo taldea) bigarren postua eskuratu du Sub-16 kategorian, baina lehena izan da Arabako txapelketan.
- Nahia Laso Gonzalez (Laudio Atletismo taldea) bigarren geratu da Sub-20 kategorian, eta txapeldun Araban.
- Taldeka Laudio atletismo kluba izan da garaile Arabako txapelketan.
- Edu Frutosek master kategorian bigarren postua lortu du