Akerbeltzen kontzertua gehitu diote ohiko Babio Igoerari aurten

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 12a, 12:05
Iaz adarren soinuarekin hasi zuten Babio Non Stop erronka. / Aiaraldea.eus

Amurrio Trail Taldeak antolatzen duen elkartasun ekimen bikoitzak -Babio Non Stop eta Babio Igoera- erromeria kontzertua ere eskainiko du abenduaren 23an.

Amurrio Trail Taldeak Babio Igoeraren edizio berria prestatu du aurten eta ekintza berritzaileak iragarri ditu. Hain zuzen, bi ekimenek bidelagun berriak izango dituzte. Edozelan ere, 'Babio Igoera Non Stop'  ekimenaren formula errepikatuko da:  jendeak izena eman beharko du hainbat orduz luzatuko den ekimenean, mendi horretara txandaka igotzeko.

Gauzak horrela, abenduaren 23an Zaraobe Institutuko, Aresketa Ikastolako eta Amaurre Ikastetxeko DBHko hirugarren mailako ikasleek mendira joko dute aulki egokitu batekin. Izan ere, gogoratu beharra dago Amurrio Trailek berak, nolabait, bultzatu zuela Ezina Ekinez Egina taldea, eta horrek aniztasun funtzionala duten herritarrak laguntzen dituela aire librean kirola egiten, horrelako tresnak erabilita.

Ekintzetara itzulita, 18:00etan hasiko da Juan Urrutia plazan, berez, '16 ordu Babio Non Stop' erronka. Une horretatik aurrera, eta hurrengo egunean Babioko azken igoera egin arte, orduro aterako dira taldeak Amurriotik gertu dagoen mendi tontor horretara heltzeko.

Izen ematea hemen egin daiteke 10 euroren truke. Diru hori AFARABA elkarteari emango diote. Alzheimerraren eta bestelako gaixotasunen esparruan lan egiten du taldeak.

Edonola ere, diru gehiago biltzeko, Amurrio Trailek Akerbeltz taldearen kontzertua antolatu du 22:00etan Udaletxe aurrean. Txosna jarriko dute eta bertan biltzen duten ekarpen ekonomikoak helburu bera izango du.

Hurrengo egunean, 10:00etan, Babio Igoerari ekingo diote Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina taldeekin. Helmugan Luis Padura omenduko dute. Gizon hori da mendian dagoen artzainaren eskulturaren egilea. 13:00etan amaituko dute egitasmoa txokolate eta txistorra janarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide