Larunbatean ospatuko dute Bizilagunak ekimenaren esker jaia Amurrion

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 16a, 12:00

Aurtengo edizioan parte hartu duten familiak Amurrion elkartuko dira larunbatean.

Aurtengo edizioan parte hartu duten familiak Amurrion elkartuko dira, ikasitakoak partekatu eta ospatzeko. Goiz osoko egitaraua antolatu dute Elkar ezagutzearen magia lemapean.

Hainbat kulturetako familiak mahai beraren bueltan esertzen dituen ekimena da Bizilagunak. Elkarrekin bazkaltzen dute, “zurrumurru arrazistak eta xenofoboak eraisteko eta kulturarteko bizikidetzaren aldeko espazioak sortzeko”. Elkar ezagutzearen onena lemapean seigarren edizioa bete du aurten ekimenak Araban. Urte bakarrean geratu zen dinamika, 2020an, hain zuzen, pandemiaren eraginez. Aurten, Santikurutze Kanpezun, Artziniegan, Amurrion, Laudion, Asparrenan, Langraiz Okan, Urkabustaizen, Agurainen, Oionen eta Gasteizen elkartu dira bizilagunak eta, elkarrekin edizioa ospatzeko, esker jaia antolatu dute larunbat honetan Amurrion bertan.

Elkar ezagutzearen magia deitu diote festari eta, antolatzaileek adierazi dutenez, 150 pertsona inguru batuko dira 11:30etik 13:00ra bitartean luzatuko den egitarauaz gozatzeko. Zeremoniaren maisua Asier Kidam magoa izango da eta Amazigh Agharas musika taldea entzuteko parada izango dute bertaratzen direnek. Egunaren muina, ordea, aurtengo Bizilagunak programan parte hartu duten familiek dinamikarekin ikasitakoak partekatzea izango da. Gainera, familia argazkia aterako dute, “bizikidetzaren aldeko keinu kolektibo gisa”.

Bizilagunak ekimena Arabako Foru Aldundiak eta Zehar-Errefuxiatuekin taldeak antolatzen dute elkarlanean, Zurrumurruen aurkako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Estrategiaren barruan. Ainhoa Campo AFAko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariaren ustez, ekimenari esker sortzen diren harremanak lagungarriak dira kulturen arteko bizikidetzarako, elkarrekin bizitzetik bizitza partekatzera igarotzeko. “Horrelako ekimenei esker, Arabako gizarteak gizarte irekia eta askotarikoa dela erakusteko aukera du, errespetuan eta aitorpenean oinarritutako harreman pertsonalak dituena, gure jaioterria, sinesmena edo hizkuntza edozein izanik ere”, zehaztu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide