Bizilagunak ekimeneko partaideek festa egin zuten Amurrion

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 20a, 07:30

Jendetza batu zen larunbatean Amurrioko Bizilagunaken topaketetan. Urte honetan egitasmoan parte hartu duten arabarrak Amurrion elkartu ziren ikasitakoak partekatu eta ospatzeko.

Elkar ezagutzearen magia lemapean antolatu zuten aurtengo Bizilagunak ekimenaren jaialdi bateratua Amurrion, abenduaren 17an. Asier Kidam magoak eman zion hasiera ekitaldiari eta Amazigh Agharas musika taldea ere igo zen oholtzara. Zenbait abesti jo zituzten, euskaraz, arabieraz eta amazigez.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko Intzidentzia eta Partaidetza Sozialeko lantaldeko Alessandro Bretanak eta Arabako Foru Aldundiaren Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Ainhoa Campok hitza hartu zuten ordezkatzen dituzten erakundeen izenean. Biek azpimarratu zuten ekimenaren garrantzia eta eta Arabako gizartearen aniztasuna.

Hainbat herritatik bertaratu zen jendea ospakizun jaira, 120 pertsona inguru. Izan ere, aurten Santikurutze Kanpezun, Artziniegan, Amurrion, Laudion, Asparrenan, Langraiz Okan, Urkabustaizen, Agurainen, Oionen eta Gasteizen egin dituzte kulturarteko bazkariak, eta partaide guztiak elkartzeko unea izan zen ospakizun jaia.

Parte hartzaileek zenbait opari eraman zituzten: nazioarteko errezeta liburua, poltsa bat eta egutegia. Azkenik, Zehar elkarteak eskerrak eman zizkion Amurrio Udalari eta Amurrio Antzokiari topaketarako erraztasun guztiak eskaintzeagatik.

Argazkiak: Ane Miren Blanco Arregui

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide