Bertan behera geratu da EAko kritikoek egindako salaketa Mariano Alava eta beste bi alderdikideren kontra

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 22a, 07:30

Mariano Alava EAko kidea eta EH Bilduko zinegotzia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Maiorga Ramirez buru duen EAko sektoreak salaketa jarri zuen Mariano Alava, Iker Ruiz de Egino eta Maider Carreren kontra, dokumentuak faltsutzeagatik, besteak beste. Epaileak erabaki du ez dagoela horren frogarik eta ez da ezta epaiketarik egongo. Hala ere, helegiterako tartea dago oraindik.

Mariano Alava lasai bezain haserre dabil egun hauetan. EAko kide amurrioarraren kontrako akusazioak bertan behera geratu dira, epaileak adierazi ostean ez dagoela inolako frogarik bere aurka eta Iker Ruiz de Egino eta Maider Carreren kontra. Hain zuzen, EAko 'sektore kritikoak' salatu zituen epaitegian alderdiko datuak modu irregularrean erabiltzeagatik, beste pertsonen izaera ordezkatzeagatik eta dokumentazioa faltsutzeagatik.

Elena Rodriguez Molpereces epaileak prozesua eten du, ez duelako ezer adierazgarririk topatu euren kontra eta ez da ezta epaiketarik egongo. Dena den, helegitea jarri dezake akusazioak.

Jarduera politikoaren judizializazioa

Aiaraldea Komunikabidea Mariano Alavarekin jarri da harremanetan erabakiari buruz mintzatzeko eta Amurrioko zinegotziak salatu du 'EAko kritikoek' ekintza politikoa epaitegira eraman dutela alderdiko jendeak ez dituelako eurek nahi zituzten erabakiak hartu: "Prozesu honetan guztian Eusko Alkartasunak beti erabili duen prozedura baliatu dugu, baina kongresuan zein batzarretan jendeak ez duenez bozkatu eurek nahi zutena, gu kaltetzen saiatu dira".

Alavak azaldu du saiakera horretan komunikabide askoren laguntza izan dutela: "Denok dakigu komunikabide batzuen atzean zein interes politiko dauden eta horien helburua izan da EA eta EH Bildu kaltetzea".

Zentzurik gabeko akusazioak

Horrez gain, Alavak argudiatu du salaketa bera zentzugabekeria zela: "Zein zentzu izango luke guk norbaiten izen abizenak erabiltzea datu batzuk lortzeko? Alderdiko ordezkari gisa eskumena genuen hori egiteko, beste edonoren izena baliatu gabe".

Halaber, amurrioarrak uste du epailearen erabakia nabarmen luzatu dela: "Gaur egun oso erraza da jakitea norbaitek beste pertsona baten helbide elektronikoa aprobetxatu duen eta ez dute ezer topatu".

Kalte pertsonala

Kalte politikoa ez ezik, Mariano Alavak aipatu du kostu pertsonala ere izan duela prozesuak: "Gure kideak izan diren eta aspaldi ezagutzen ditugun pertsonek salatu gaituzte, jakinda gu ez ginela errudun. Gainera, akusazioak ez ziren edonolakoak eta kartzelara joateko modukoak ziren. Oso mingarria izan da dena eta uste dut jende honek, bere burua Garaikoetxeistatzat jotzen duenak, politika utzi beharko lukeela. Euskal Herriak ez du behar horrelako jenderik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide