23.802.123 euroko udal aurrekontua onartu dute Amurrion 2023rako

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 23a, 07:15

Atzo egin zuten udalbatza Amurrion. / EAJ-PNV

EAJk, PSE-EEk eta Orain Amurriok bozkatu dute egitasmoaren alde eta EH Bilduk, ordea, aurka.

Atzo goizeko 10:00etan izan zen Amurrioko udalbatza. Urteko azken osoko bilkurak gai garrantzitsua landu du, 2023ko udal aurrekontuak onartu dituzte eta.

Erabakia adostasun zabalarekin hartu dute, EAJko udal gobernu taldearen proposamena babestu baitzuten PSE-EEk eta Orain Amurriok. Kontrako iritzi bakarra EH Bilduk jarri zuen, zeinek leporatu zion alkateari negoziazio tarterik ez egotea euren iradokizunak azaltzeko. Zehazki, euren bozkatzaileak mespretatxea aurpegiratu zioten alkateari.

Horrez gain, EH Bilduk azpimarratu zuen aurrekontua ez dagoela oinarrituta herritarren eta familien beharretan eta inflazioaren garaian diru ugari bideratu dela "adreilura".

Txerra Molinuevo alkateak argudiatu zuen PSE-EEk eta Orain Amurriok aukera izan zutela negoziatzeko hainbat puntu eta leporatu zion koalizioari euren ideiak partekatzeko asmorik ez izatea.

PSE-EEk gogoratu zuen legealdi osoan babestu eta negoziatu dituztela aurrekontuak, "paralisia" ez eragiteko erakundean.

Orain Amurriok ere defendatu zuen egindako lana aurrekontuetan ekarpena egiteko eta aldarrikatu zuen 906.000 euroko ekarpena egin dutela: "Kopururik handiena, 800.000 euro, Plan Orokorra garatzeko erabiliko da, babes publikoko etxebizitzari dagokionez. Beste 106.000 euro euskararen eta ingurumenaren alorretan erabiliko dira: bidegorriak eta bizikletentzako aparkaleku publikoak egiteko, naturguneetarako proiektua garatzeko, partikularren eraikinetan amiantoa kentzeko laguntzak emateko, udal-biltegiak hobetzeko, udal-kamioi garabia egokitzeko eta ordenantza animaliak babesteko araudi berrira egokitzeko, besteak beste".

2022an baino %36 gehiago

Aurtengo aurrekontuekin alderatuta, aldaketa handiena da Udalak 6,5 milioi euro gehiago gastatzea aurreikusi duela, hau da, %36 gehiago. 

8,5 milioi euroko jarduera estrategikoetan jasoko da gastu handiena: Eguneko Arretarako Landa Zentroaren eraikuntza (1.500.000 euroko inbertsioarekin), Foru Kaleko merkatu zaharraren birgaitzea (1.200.000 euro), eta Goikolarra auzoko etxebizitzen eraberritzea (2.813.561 euroko inbertsioarekin). 

Halaber, aparkalekua eraikiko da epaitegiaren inguruan, eta 535.000 euro bideratuko dira horretara. Armuru erreka lehengoratuko da, Aresketa ikastolaraino oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbidea ahalbidetzeko, eta horrek 371.400 euroko inbertsioa eskatuko du. Horrez gain, Maskuribai poligonoaren eta Landako auzoaren arteko sarbidea ere hobetuko da, 60.000 euroko inbertsioarekin.

Gainera, 500.000 euro baino gehiago erabiliko dira Mendiko ikastetxeko irisgarritasuna hobetzeko, haur-hezkuntzako eraikinean arrapala bat eta igogailu bat eraikiz, eta Zabaleko ikastetxean komunak izango dituen aldagela bat eginez, bi ikastetxeetan patio inklusiboen proiektuarekin jarraitzeaz gain. Landa-auzoetako hobekuntzek Osoño auzoko saneamendua hobetzeko jarduketa garrantzitsua hartuko dute, 250.000 euroko inbertsioarekin.

Berdintasunean ere igoko da inbertsioa eta lanaldi osoko teknikaria kontratatzea espero dute. Enplegu planerako zein Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) sailak ere handituko dira.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide