Animatzailea izateko ikasten ari zara, lanen bat egin duzu jadanik?
Unibertsitatean egiten ari gara ikasturte bakoitzean film labur bat. Lehenengo urtean egin genuen gero grabatu ez zen
telesaio baten trailerra. Horrez gain, beste bi film labur egin ditugu. Gaiak oso bestelakoak izan dira eta orain Egiptori buruzko film laburra egiten ari gara. Ni naiz zuzendaria eta istorio apur bat abstraktoa da. Protagonistak bidaia egin behar du, ura ekarri... Hau film animatua izango da.
2D teknika landu dugu eta orain egiten ari garen proiektuan 2D eta 3D teknikak uztartuko ditugu. Maiatzean amaitzea espero dugu eta ez dakigu non egongo da ikusgai.
Non ari zara ikasten?
Creanavarra da erakundearen izena eta sorkuntzarekin harremana duen ia edozein diziplina lantzen du: zinema, diseinua, moda, animazioa, bideojokoak... Ni zehazki animazioa eta efektu bisualak ikasten ari naiz. Dena den, ia guztia jorratzen dugu: nola animatu, pertsonaien diseinua, storyboard-a egitea...
Proiektu hauekin ikasten dugu nola egiten duen zuzendariak, ekoizleak... Iaz ikasi genuen bizitza errealeko filmak nola egin.
Asmoa da ikus-entzunezko arlo guztietan profesionalizatzeko aukera izatea.
Aurten amaituko dut Iruñean, baina gero bi urtez ikasi behar dut Madrilen, eta gero bi aukera ditut, lana bilatzea edo esparruren batean aditu bilakatzeko ikasten jarraitzea.
Ideala litzateke atzerrira joatea, baina hemen gelditzeko aukera izango banu, askoz hobe. Proiektu interesgarriak daude kanpoan, baina hemen ere egin daitezke.
Zuk zein erreferente dituzu?
Oro har, gehien gogoko ditudanak telesaio japoniarrak dira, baita Disney eta Warner ekoizpenak, baina guztiok ezagutzen ditugu. Netflix ere ondo dago, Estatu espainiarrean Apollo Films ikustera joan ginen eta erreferente interesgarria da, orain D´Artagnan-en telesaioa berriz egiten ari dira Netflixerako, 3D teknikarekin.
Horretan aritu izan den ekoizle bat gure irakaslea da orain.
"Umeak oso adierazgarriak dira eta euren keinuak harrapatzen saiatzen naiz"
Aipatutakoa erreferentea bada ere, nik gehien egiten dudana da kaleko jendea begiratu; nola ibiltzen diren, adibidez. Horrez gain, begirale gisa lan egiten dudanez, umeei asko erreparatzen diet. Oso adierazgarriak dira eta euren keinuak harrapatzen saiatzen naiz. Oso ona da eurak ikustea gero animazioa egiteko.
Zein da gehien gogoko duzu sorkuntza esparrua?
Animazioa eta hasierako prozesuak; marraztu, koloreak nolakoak izango diren erabaki, animazioa... Muntaketa eta abar ez dut horren gogoko. Animazioan pertsonaia bati ematen diozu bizitza literalki eta hori oso ondo dago.