Aimara Amurrioko antzerki talde amateurra da. 1996an hasi zuen bere ibilbidea Amurrioko Aurreraka emakume taldearen baitan, eta 1999an bide propioari ekin zion. Elisabet Anda taldekideak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio No hay ladrón que por bien no venga obrarekin finkatu zutela euren izaera talde moduan. Ondoren, Yo soy la revolución lanarekin, aldaketa egin zuten interpretazio aldetik eta, taldearen 25. urteurrena ospatzeko, lehen lanaren moldaketa bat egitea erabaki zuten: El ladrón otra vez.
Tartean, obra gehiago aurkeztu dituzte interpretazio aldaketa hori finkatzearekin batera, eta Amurrioko Antzerki Amateur Erakustaldia ere antolatu dute urte luzez. Andak aurreratu duenaren arabera, aurtengoa martxoaren 25ean izango da, Antzokian baita ere. Horrez gain, hurrengo obra prestatzen ari direla jakinarazi du antzezle gazteak. Lorcaren testu batean oinarrituta dagoela eta "berezia" izango dela baino ez du aurreratu: "Sorpresa izango da bai testuaren aldetik eta bai interpretazioaren aldetik, inpaktantea izango da, eta konplikatua".
Taldearen 25. urteurrena ospatzeko No hay ladrón que por bien no venga obra egokitu zuten. El ladrón otra vez izenarekin eta pertsonaia berriekin, bizi berri bat eman zioten taldearen komedia kuttunenari.
25 urteko bilakaera, eta martxan
Aimarako kideek urtebete baino gehiago daramate El ladrón otra vez lana han eta hemen taularatzen eta larunbat honetan berriz ekarriko dute Amurriora. Ikuskizuna urtarrilaren 14an izango da, Antzokian, 20:00etan, eta sarreraren truke 2 eta 4 euro artean ordaindu beharko dira (sarrera orokorrak 4 euro balio ditu, bazkideenak 3 eta gazte txarteldunenak 2).
Komediaren trama sinplea bezain ulerterraza da: lapur bat etxe batera doa bere lana egitera, hau da, lapurtzera, eta bertan jabearen maitale-aferak aurkituko ditu. “Hori da italiar estiloko komedia garbia”, argi du Andak. Moldaketarekin, ordea, pertsonaia berriak sartzeaz gain, kritika soziala ere txertatu diote istorioari. Horrela azaldu du aktoreak: “Eguneratzean beste lapur mota asko sartu ditugu, lapurrak ez direlako soilik gure leihotik sartu eta etxea husten diguten horiek, instituzioetan daudenak ere lapurrak dira eta hori agerian uzten dugu obra honetan”. Hainbat ustelkeria kasuri egiten diote erreferentzia, eta istorioak azaltzen du nola ohiko lapurrek bakarrik amaitzen duten kartzelan.
Javier Liñerak egin ditu zuzendari lanak eta sei aktorek (hiru emakumek eta hiru gizonek) hezurmamitu dituzte pertsonaiak. Andaren hitzetan, “oso pozik” daude Liñeraren lanarekin eta taldea eramateko duen erarekin. Eszenografiari dagokionez, eurek egin dute osorik, Amurrioko Arte Eskolako kideen laguntzarekin.
Italiar estiloko komedia garbia eta kritika soziala nahasten ditu berritutako obrak.
Berriki, Lantenon, Herrera de Pisuergan (Palentzia) eta Alcala de Henaresen (Madril) taularatu dute lana. Larunbat honetan Amurrion emango dute, otsailean Okondora eramango dute eta martxoan Getxora (Bizkaia).
Etxean, berezi
Elisabet Andak azaldu duenaren arabera, publikoa, oro har, “oso pozik” atera ohi da antzerkitik, “barre egiten du”. Hori da, bere ustez, garrantzitsuena, “ondo pasatzeko eta pentsatzeko aukera izatea”.
Etxean hurbiltasuna bereziki nabari dutela azaldu du Andak, baina horrek handikapa ere badakarrela uste du: “Kanpoan aritzen zarenean ez duzu publikoa ezagutzen eta ez dakizu herri horretara itzuliko zaren. Etxean presio handiagoa dugu, dena ondo atera behar delako eta ezin dugulako inprobisatu. Urduriago egoten gara, baina, aldi berean, publikoa oso esker onekoa izaten da, dena iruditzen zaie ondo dagoela, gu ikustera etortzen direlako, ez soilik obra. Guretzako zailagoa da etxean aritzea kanpoan baino”.