Mikel Alvarok eta Jon Aspuruk Amurrio Clubeko lehen taldeko entrenatzaile postuak utzi eta gero, Bernardo Dominguez 'Berni'-k bete du euren tokia. Aurretik atezainen prestatzailea izan da eta bere laguntzailea Mikel Arberas izango da.
Amurrio Clubeko zuzendaritzak azaldu du larrialdiko egoeran daudela, lau hilabete baino ez direlako geratzen denboraldia amaitzeko, eta premiazko konponbidea behar zutela.
Testuinguru horretan, entrenatzaileen bilaketa hasita, Bernik berak aurkeztu du bere burua ardurak hartzeko eta taldeko arduradunen konfiantza du horretarako. "Denboraldia modu duinean amaitu behar da eta pertsona egokia da. Esperientzia dauka, serioa da eta gaitasunak ditu soberan. Oviedon eta Tenerifen jokatu du, besteak beste", adierazi dute Amurrio Clubeko kideek.