Eraikin berrietan ura berreskuratzeko sistemak jartzea derrigorrezkoa izatea proposatu du Orain Amurriok, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 16a, 16:20
Kepa Gonzalez Orain Amurrioko ordezkaria. / O. A.

Hainbat ekarpen egin dizkio opozisioko talde politikoak eraikuntza ordenantza zirriborroari. Emakumeen elkarteek eta mugimendu feministak araudiaren osaketan parte hartzea eskatu dute, besteak beste. 

Hainbat proposamen plazaratu ditu Orain Amurriok Udala garatzen ari den eraikuntzen ordenantza zirriborroari begira. Izan ere, opozisioko talde politikoaren aburuz, araudia “koherentea” izan behar da “proposatzen dituen helburuekiko”. 

Gauzak hala, ordenantzaren eskakizun tekniko-ekonomikoei eusteko komunitatearen kostua murriztea proposatu du taldeak, “hala nola igogailuen, eguzki-panelen, aerotermiaren edo energia berriztagarriko beste soluzio batzuen gastua”. 

Hirigintza neurriei dagokionez, Orain Amurriok uste du beharrezkoa dela emakumeen elkarteek eta mugimendu feministak ordenantzaren osaketan parte hartzea. Horrez gain, Orain Amurrioren ustez, genero eraginaren ebaluazio txostenak eskatu beharko litzaieke eraikuntza pribatuko proiektuei, “nolabaiteko garrantzia duten urbanizazio eremu komunitarioak” badituzte. “Eremu pribatuetako segurtasunari buruzko neurriak” zabaltzea ere proposatu du taldeak, eta eraikin pribatuetako beheko solairuetan haur kotxeak, gurpildun aulkiak eta antzeko tresnak uzteko espazioak atontzea.  

Egoitza eraikin berrietan, aldiz, estalki lauak jartzea proposatu du Orain Amurriok, estalki-espazioa aprobetxatzeko eta energia berriztagarriei, gizarteratzeari eta genero-ikuspegiari lotutako neurriak aplikatu ahal izateko. 

Garage eta trastelekuei dagokionez, hainbat diseinu-baldintza ezartzea proposatu du Orain Amurrion, “bizikleta eta motozikleten aparkalekuetarako gutxieneko hornidura handitzeko” eta sotoetako espazioa “ahalik eta gehien” aprobetxatzeko. 

Ur zikloa eta ingurumen inpaktua

Urari dagokionez, Orain Amurriok proposatu du araudi berriak eraikin berriak derrigortzea ura berreskuratzeko sistemak ezartzera eta ur-dekantagailu batzuk atontzera, “euri-urak eta lur azpiko isurketetatik datozen garaje-putzuetan bildutakoak biltzeko”. 

Horrez gain, talde politikoaren aburuz, eraikinen kanpo-tratamendurako irizpide nagusia ez litzateke estetikoa izan beharko. “Beste irizpide bat izatea proposatu dugu, besteak beste, eraikinen iraunkortasuna”, zehaztu dute. 

Ingurumenari dagokionez, eraikin berriek nahitaez egin beharko lukete paisaiaren inpaktuaren eta ingurumen inpaktuaren azterketa, Orain Amurrioren aburuz. Horrez gain, glisofatoa bezalako pestiziden erabilera debekatu nahi du talde politikoak, ingurumenerako arriskutsuak baldin badira. Bukatzeko, “landareria eta fauna babesteko neurriak zabaltzea” ere proposatu du talde politikoak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide