Gaur -urtarrilak 23- hasiko dira Aresketa Ikastolaren Hezkuntza Jardunaldiak. Solasaldi bana eskainiko dute egun bakoitzean, ostiralera arte. Guztiak izango dira arratsaldeko zazpietan, Katekesi aretoan.
Yolanda Irulegik eskainiko du gaurko saioa. Psikoanalista eta psikoterapeutak haurren elikadura izango du hizpide.
Bihar -asteartea- Iñigo Martinez Peña filosofia irakaslearen txanda izango da. Mandamendu hipermodernoak liburuaren egilea pantailen eraginaren inguruan mintzatuko da.
Mikel Resa sexologoak, aldiz, sexu hezkuntza jorratuko du asteazkenean. Ostegunean, aldiz, autismoaren gaia landuko dute, Alberto Lasa psikiatra eta psikoanalistaren eskutik.
Bukatzeko, gorputzarekiko harremanari buruzko hausnarketa plazaratuko du Ricardo Padilla aktore eta hezitzaileak, ostiralean.
Hezkuntza Jardunaldien XII. edizioa izango da aurtengoa. Aresketa Ikastolak urtero antolatzen du ekimena, hezkuntzari buruzko begirada berritzaileak eta hausnarketak sustatzeko.
Jardunaldiak erabat irekiak dira, eta "eskualdeko familiak, profesionalak eta interesa duen pertsona oro" bertaratu daiteke, Ikastolatik nabarmendu dutenez.
Zuzeneko emisioa
Aiaraldea Komunikabideak zuzenean emitituko du astearteko hitzaldia, Iñigo Martinez Peñak eskainiko duena. Aiaraldea.eus atarian eta komunikabidearen YouTube zein Twitch kontuetan jarraitu ahalko da zuzenean.