Enpresa batzordeak eta Tubos Reunidoseko zuzendaritzak lan hitzarmenari buruzko 23. bilera egin zuten urtarrilaren 24an eta konpainiak azken proposamena egin zuen. Dokumentu horretan, edonola ere, sindikatuen artean gatazka eragiten dituzten zenbait puntu daude.
Hori dela eta, ELA sindikatuak bestelako ekimena eraman zuen mahaira eta iradoki zuen bihar langileen batzar orokorra egitea eta berak babesten ez dituen (eta gehiengoak, hau da, CCOOK, UGTk eta LABek, bai) bi puntu bozkatzea. Zehazki, ELAk beharginen iritzia eskatuko du langileen mugikortasuna handitu nahi duen puntuari dagokionez eta proba medikuak aurreratzeko asmoaren kasuan, bajak daudenean.
Sindikatu batzuen iritziz, ez da parte hartze nahikoa egongo batzarrean erabakia lotesle izan dadin.
Gauzak horrela, LAB sindikatuak beste lau gai ere bozkatzea exijitu zuen: 587 langilek kobratu ez duten %1eko soldata, urteko lanaldiaren murrizketa, behargin bakoitzak bere eginkizunetarako dituen egunen kopurua eta soldata igoeraren kopurua.
Ondorioz, bihar izango da bozketa, 15:00etan lantegi barruan. Horretarako, batzarra deitu dute eta han jasoko dituzte paperak, zeintzuetan sei galdera horien inguruan galdetzten duten. Bozketa sekretua izango da.
Zenbait sindikaturen aburuz, galdeketak ez du balio loteslea izango. Izan ere, lan hitzarmenean ondorioak dituen edozein erabaki onartu behar da langileen gehiengoaren baiezkoarekin, eta zalantzan jartzen dute horrenbeste behargin bertaratuko diren.