Amurrioko Kintoen jaia ospatzeko tradizioak ez du etenik. 18 urte betetzen dituzten gazteek antolatzen dute festa, eta otsaileko lehenbiziko bi asteburuetan ateratzen dira kalera. Aurten, ere ez dute kale egingo: otsailaren 4an etxez etxe joango dira kantuan eta dirua biltzen, hilaren 10ean prestatu duten jaialdirako dirua eskuratzeko.
Dena den, bi egunetan (larunbat honetan eta hurrengo ostiralean) festa izango da nagusi. Larunbatean, otsailaren 4an, 9:30ean aterako dira abestera Amurrioko hainbat tokitatik. 20:30ean bukatuko dute eguna San Anton plazan, eta jarraian abiatuko dute musika poteoa.
Otsailak 10, parranda eguna
Otsailaren 10ean 11:30ean aterako dira kintoak ikastetxe eta saltokietatik abestera. "13:30ean Guk estatuan abestuko dugu", adierazi dute. 20:00etatik aurrera jaitsiko dira berriz kaleak girotzera, Elektropottote txarangarekin lehenbizi (20:00etan) eta Erruki erromeriarekin ondoren (23:00etan). Gauari amaiera emateko, berriz, DJ Gomiren emanaldia lotu dute.