AMURRIOKO KINTOAK

“Harrotasunez hartzen dugu kinto izateko ardura”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 3a, 08:00

LUKEN ALAVA, EIDER ZUBIA ETA NOA FERNANDEZ 2005ean jaiotako Amurrioko gazteak dira eta, beraz, aurtengo kintoen jaiko protagonista nagusiak ere dira. Festaren antolakuntzaren inguruan eta honen esanahiaren mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin.

Amurrioko ohiturei jarraituz ekintzak antolatu dituzue aurtengo kintook otsailaren 4 eta 10erako. Zer da zehazki egingo duzuena?

Eider: Larunbatean goizeko zortzietan hasiko ditugu 2005eko kintoen ekintzak, ordu horretan egingo den mezarekin. Horren ostean herritik hasiko gara kantuan.

Noa: Bakoitza bere kuadrillarekin edo taldearekin arituko da, auzo edo herri desberdinetatik kantuan. Goizean zehar kanatu ostean, taldetxo bakoitzak bazkaria egingo du bere kabuz.

Eider: Arratsaldean elkartuko gara denok berriro, 20:00etan San Anton plazan. Kinta osoa batera abestuko dugu une horretan. Horren ostean poteo musikatua egingo dugu.

Noa: Aurten gainera larunbata izanik, herritik giro polita sortuko dela aurreikusten dugu.

Otsailaren 10ean, ordea, Kintoen jaia antolatu duzue.

Eider: Bai. Ostiral horretan ikastetxeetatik eta herriko lantegietatik ibiliko gara kantuan eta eskean.

Noa: Guztiok batera abestuko dugu, eta bazkaldu ere batera egingo dugu. 

Eider: Egitarauko zatirik potenteena arratsaldeko 20:00etan hasiko da, elektrotxaranga baten eskutik. 23:00etan Erruki Erromeria hasiko da, eta bukatzeko DJ Gomi arituko da.

Gogotsu zaudete?

Luken: Poz handiarekin espero izan dugu jai hau. Txikitatik, ikusi ditugu gure familiakideak, gure anai-arrebak, jai hau ospatzen. Ilusio handia egiten zigun kinten pegatinak jasotzea. Gerora festan ateratzen hasi ginen. Orain esan dezakegu gu garela festaren jabeak edo protagonistak. Harrotasun handiz hartzen dugu.

Nola antolatu zarete kantuak prestatu eta eguna antolatzeko?

Luken: Abestiak prestatu eta entseatzeko, azken hilabetean ostiralero batu izan gara. Aurten 103 kinto gara guztira. Zaila izan da guzitak elkartzea, ez dugu inoiz denok kointziditu, asko gara eta. Eskerrak eman behar dizkiogu Marcosi, tartea atera duelako guztia nola antolatu behar dugun irakasteko. 

Eider: Egitaraua antolatzeko, kintako kuadrilla bakoitzeko bi pertsona batu gara. Lan-talde horretatik bideratu dugu erromeriaren eta Djaren kontratazioa. Pegatinak diseinatu eta egiteaz arduratu gara ere. Gazuatxiki  batzuk geratzen dira oraindik guztia ixteko, baina uste dugu nahiko ondo antolatu dugula dena. Oso ondo pasatuko dugu ziur.

Noa: Lan-talde horretan gauden kideon artean hasieratik banatu genituen egin beharreko lanak, eta oso ondo moldatu gara gure artean.

Eider: Bazkalekuak topatzea izan da zailena, baina azkenean lortu dugu. Kintoak izan nahi genuen, eta azkenean lortu dugu.

Zer suposatzen du zuentzat kinto izatea?

Eider: Urtero errepikatzen den erantzuna dela esango nuke; pegatinak jasotzen duen umetxo bat izatetik heldu izatera igarotzeko unea da. Lukenek esan duen bezala harrotasunez hartzen dugu ardura. Festa dibertigarri baten protagonista izatea da, 18 urte betetzear gaudela irudikatzen duena. Oso gogotsu geunden festaren zain.

Luken: Espero dugu mundu guztiak ondo pasatzea eta asko difrutatzea festaz, txikiak zein nagusiagoak direnak. Gu gara aurtengo kintoak, baina askoz belaunaldi gehiago elkartu ohi dira jateko eta dibertitzeko. Egun polita da herrian. Lagunekin batzekoekin eguna.

Noa: Zure adin beretsuko herrikide guztiekin elkartzeko eta harremanak egiteko eguna dela nabarmenduko nuke. Askotan gertatzen da Amurriokoa eta adin berekoa den jendea ez duzula ezagutzen, eta festa honek horretarako aukera eskaintzen digu.

Zuek zarete pandemia osteko lehenengo kintoak. Nola bizi izan dituzue bi urte hauek?

Noa: Festan ateratzeko adinarekin harrapatu gintuen pandemiak. Pozik gaude egoera normal batean ospatu ahalko dugulako gure kintaren jaia. Gehiago disfrutatzeko aukera izango dugu aurtengoan.

Eider: Festa berezia izango da zalantzarik gabe. Kintoen festa bakarra bizi izan dugu guk pandemiaren eraginetik kanpo, 2002. urtean jaiotakoena. Jai polita izango da aurtengoa.

Luken: Pandemia garaia faena handia izan zen adin guztiko pertsonetzat, bai nagusientzat bai txikientzat ere. Hutsune sozial handia egon da bi urtez, eta uste dut ondo pasatzeko beharra dagoela. Espero dugu bi egun hauetan herri guztia elkartzea eta asko disfrutatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide