Negu Zeharkaldiaren VII. edizioa egin zuten Mendiko Lagunak taldeko kideek igandean. Berrogei lagun baino gehiagok Lunada mendatera jo zuten, mendiko eskiekin zein erraketekin Pico de la Miel mendia igotzeko asmoz. Egun lainotuak ez zituen mendizaleak gelditu, eta giro paregabean igaro zuten goiza.
Urte bete ekintza
Mendiko Lagunak taldeak Negu Zeharkaldiarekin eman dio hasiera urteko egitarau oparoari. Honezkero publiko egin dute jardueren behin behineko egutegia. Besteak beste, Aste Santuko bidaian jarri dute orain arreta. Apirilaren 8an La Palma uhartera egingo dute bidaia aste osoko trekkinga egiteko. Dagoeneko zabaldu dute izen ematea, otsailaren 17ra arte.
Bestelako ekintzak ere badituzte esku artean; hala nola martxoan egingo duten sagardotegi txangoa, ekainean Torlara egingo duten irteera edota azaroaren 5ean egingo duten Gorobel ibilaldia.
Argazkiak: Endika Larrazabal