Kultur sorkuntza Aiaraldean

Yolanda Mosquerak Miamin kokatutako Cuatro Gatos Fundazioaren saria irabazi du

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 8a, 07:50

Yolanda Mosquera, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Amurrioarrak azaldu du sariak ez duela dirurik ematen, baina bai, ordea, sektore profesionalean aitortza.

Yolanda Mosquera ilustratzaile amurrioarraren eta Mercedes Clavo idazlearen Llévame lanak irabazi berri du Cuatro Gatos Fundazioaren saria. Erakunde horrek Miamin dauka egoitza eta gazteleraz argitaratzen diren umeentzako liburuak saritzen ditu, kalitatea aintzat harturik.

Berez, Espainiako Estatuan zein Ameriketan sortutako 226 argitaletxeren produktuak aztertu ditu epaimahaiak eta 1.228 izenburu horien artean 20 hautatu ditu. 

Mosquerak argitu du aitortzak ez duela sari ekonomikorik ekartzen, "baina sektorean oso erreferente garrantzitsua da eta liburua bultzatzeko balio du. Agian beste herrialde batzuetan ere argitaratzen animatzen dira, edo liburutegiak aleak eskatzen".

Zentzu horretan, pozik dago, Cuatro Gatos Fundazioaren epaimahaiak estimu handia daukalako ilustrazioaren esparruan.

Estatu Batuetan lan gehiago

Horrez gain, amurriorrak aipatu du 2021eko amaieran Washingtonen ere esperientzia bizia izan zuela, hango Espainiako Estatuko kultura enbaxadan aukeratu baitzuten, Ana Bustelo komisarioaren eskutik, hain zuzen, erakusketa egiteko.

"Enbaxadaren egoitzan egon behar zen oinarrituta, eta nik ikertu nuen eraikinaren lanen ardurak izan zituen emakumeari buruz, Mary Foote Henderson. Horrez gain, neguko solstizioa izan nuen hizpide, abenduan egon baitzen ikusgai erakusketa. Azkenean, 'matronazgoa' eta jaiotza irudikatzen zuen marrazkia sortu nuen" azaldu du ilustratzaileak.

Lan hori enbaxadaren aurrean egon zen ikusgai hilabete oso batez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide