Kultur sorkuntza Aiaraldean

UR, Black Metalaren soinuak itzuli dira Aiaraldera

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 17a, 13:45

UR taldea zuzenean.

2005ean sortuta, Black Metal taldeak ez du jarraikortasunez jo eta martxoan egingo duen kontzertuarekin hasiko da emanaldi gehiago eskaintzen.

Martxoaren 11n Orbeko Etxean CNTko sei kideren aldeko egitasmoa izango dute. Hasteko, 'La Suiza' deituriko kasua azalduko dute, sindikatu anarkistako dozena erdi militante kartzelan sartzeko arriskuan baitaude hori dela medio. Epaileek 3 urte eta erdiko zigorra ezarri dizkiete pikete batean aritzeagatik.

Gero, lau taldek joko dute eta horien artean dago UR. Black Metal generoa jorratzen duen banda hori 2005ean sortu zuen Isma Lopezek: "Mortinatum eta Nakkigako partaideok 666 Proiektua genuen eta hori bertan behera geratzean, hirukote moduan genituen abesti batzuk gure proiektu pertsonalekin grabatzea pentsatu genuen, Hellthrone, Sentimen Beltza eta UR taldeak agertu ziren orduan".

Gauzak horrela, amurrioarrak hartu zuen bere gain taldearen ardura eta musika tresna guztiak grabatzeari ekin zion: "Batzuetan laguntza nuen bateriarekin edota musika tresna tradizionalekin. Urteetan zehar maketa eta lan elkarbanatu batzuk ateratzen joan nintzen, adibidez, Gaua, IV V I IV, Sentimen beltza edota Letvm leteo, beste taldeekin".

Horrez gain, bi disko ere atera ditu, bata Erromatar inperioak egindako konkisten aurka eta beste bat uraren bidaiari buruzkoa, zerutik erortzen denetik itsasora heldu arte.

Lagun gehiago batu dira taldera

Azken disko hori zuzenean jotzeko, Isma Lopezek Errioxako lagun batzuk batu zituen proiektura. Alde batetik, Alvaro eta Joseba, Ataxia eta RDT taldetakoak; eta, bestetik Txitxas, Etniakoa.

Hasieran disko horren abestiak jotzea zen helburua, baina orain kanta berriak sortu eta beste talde batzuenak ere prestatu dituzte. Horrela, grabaketa estudioan sartzea espero dute laster eta zuzenekoak maiztasun gehiagorekin eskaintzea. Izan ere, URek kontzertu gutxi eman ditu eta nahiko ezezaguna da eskualdean bertan, nahiz eta Orbekon edota Burubio Kulturgunean jo duen noizbait.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide