Erasmus+ programak Europar Batasuneko ikasleek ikasketen parte bat beste estatu batean burutu dezaten ahalbidetzen du. Horren baitan, Zaraobe Institutuan frantses irakasgaia ikasten ari diren zenbait ikasle Lézignaneko (Okzitania, Frantziako Estatua) institutu batekin eskola-trukea egiten ari dira ikasturte hasieratik. Hilero, hango eta hemengo ikasleek elkarrekin egiten dute lan eTwinning plataformaren bidez. Amurrioko ikastetxeak azaldu duenaren arabera, orain arte bideoak grabatu dituzte eta mezu elektronikoak bidali dizkiote elkarri.
“Bidaia honen helburu nagusia ikasle frantsesekin batera Europan globalak eta interes orokorrekoak diren ikasgai batzuk lantzea da, hala nola inklusibitatea, ingurumena, demokrazia eta teknologia berriak”.
Orain, martxoaren 16tik 21era, ikastetxea eta inguruak ezagutzeko aukera izango dute Zaraobeko ikasleek. Zehazki, 14 ikasle eta bi irakasle joango dira Lzignan herrira, Languedoc-Rosellón eskualdean dagoena, eta Toulouse eta Narbonne inguruetatik ere ibiliko dira. “Bidaia honen helburu nagusia ikasle frantsesekin batera Europan globalak eta interes orokorrekoak diren ikasgai batzuk lantzea da, hala nola inklusibitatea, ingurumena, demokrazia eta teknologia berriak”, azaldu dute Zaraobeko proiektu arduradunek.
Lanbide Heziketa
Urtero bezala, Lanbide Heziketako ikasleek ere praktikaldiak atzerrian egiteko aukera izango dute. Ikasturte honetan 11 izango dira Erasmus+ programaz baliatuko direnak eta martxotik maiatzera bitarte, hiru hilabete emango dituzte atzerrian. Zehazki, erdi mailako zikloetan, ‘Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta’ zikloko lau ikasle Italiara eta Irlandara joango dira. ‘Mantenu elektromekanikoa’ ziklotik, bi ikaslek Italian egingo dituzte praktikak. Goi mailako ‘Gizarteratze’ ziklotik, aldiz, bost ikaslek, Portugal eta Finlandia izango dute jomuga.