Ordezkari politiko anitz eta herritar talde bat batu dira gaur Amurrioko Gernikako Arbola kalean Bizkaiko zuhaitz enblematiko horren kimua landatzeko. Izan ere, 1915ean Johan Rubenach ingeniari alemaniarrak landatutakoa zein 2015ean Aresketamendin jarritakoak hil dira.
Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideek eta alkateak ez ezik, tokiko hainbat zinegotzik eta zenbait herritarrek ere hartu dute parte egitasmoan.
Lehenik eta behin, Txerra Molinuevo alkateak hartu du hitza gogoratzeko zergatik landatu duten ale berria eta gero Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea mintzatu da eta ekitaldiaren arrazoiak azaldu ditu: "Juan Rubenachek eskatuta landatu zan lehen zuhaitza. Juan Rubenach alemaniar jatorriko ingeniaria zen, adopzinoz euskalduna eta amurriarra izan arren. Ferrocarril del Norte konpainia zuzendu eban, eta XIX. mendean funtsezko personaia izan zan trena Euskadira iristeko. Alemaniako etxeen estiloko etxea eregitea agindu eban, eta “Villa Modesta” izena jarri eutsan. Gaur egungo Arenalde baserriaren aurrean egoan. Garaiko kronikek dinoenez, 1915ean hil aurretik Gernikako Arbolaren ondorengo bat landatu eban inguruan. Ehun urte geroago -2015ean- beste ale bat, kasu horretan Jesús de Galindezen omenez, landatu eben Arabako udalerrian, baina tamalez horrek be ez eban bizirik iraun".
Diskurtsoaren ondoren, ohorezko aurreskua eskaini diete Molinuevo, Otadui, Gonzalez eta Eloseguiri. Gero, Batzar Nagusietako lehendakariak Benetakotasun Ziurtagiria eman dio alkateari, landatutako alea Gernikako Batzar Etxeko egungo haritzaren ondorengoa dela egiaztetan duen agiria.
Azkenik, herritarrek eta Amurrioko zenbait zinegotzik bota diote lurra zuhaitzari.